zeru
iz. Geure buruen gainean ikus daitekeen espazioa, odaiertzak mugatzen duena. Zerua urdina egunez eta izartsua gauez. Irri bat bazuen graziaz betea; begiak zeru kolore, malezia ñirñira batekin. Zeru-lurrak: mundua, unibertsoa. || Aho zerua: aho sabaia. || Zintzoen arimak betiereko dohatsutasunaz gozatzen duten lekua. ik. paradisu. Gure aita, zeruan zarena. Zeruan bezala lurrean ere. v Jainkoa, jainkoak edo beste izaki espiritualak bizi diren lekua da zerua, eta orobat salbatu direnen, aukeratuen edo bedeinkatuen egoitza edo egoera, heriotzaz geroko bizitzan edo Azken Juizioaren ondoren. Zerua orobat ortziko esfera edo ortzia da, lurrari (gizakiak bizi diren lekuari) kontrajartzen zaiona eta lurpeari (madarikatuen egoitzari), infernuari alegia. Eguzkiaren, Ilargiaren, planeten eta izarren lekua ere bada, argia ematen eta sinbolizatzen duen ororena, sakratuarena eta ontasunarena, ilunari kontrajarria, lurpekoen eta gaitzaren tasun berezia baita iluna. Zeruaren ikusmoldea desberdina da erlijioen arabera. Itun Zaharrean Jahveren egoitza da; nolanahi ere, lehen israeldarrek gizaki guztiak, zintzo eta gaizto, Sheol delakoan, lurpean, zetzatela lo sinesten zuten, ez oinaze ez atsegin, ez zigor ez sari ez zen lekuan. Gero hartu zuten juduek zerua zintzoen, Jainkoarekin bizitzeko berpiztuko zirenen, egonlekutzat. Kristautasunak, judaismoari jarraituz, benetako fedenunen eta Kristoren jarraitzaileen sari modura ulertu zuen zerua. Interpretazio moderno batzuek zerua sinbolikoki ulertzen dute, Kristorekin bat egitea delakoan. Islamak, judaismoaren eta kristautasunaren eraginpean, poz eta atsegin lekutzat hartzen du zerua, musulman zintzoak, Alaren nahiaren arabera, joango direna, baina, Koran liburu sakratuan ageri denez, gizaki guztiek igaro behar dute infernuetatik zerua iritsi aurretik. Sortaldeko erlijioetan zeruaren kontzeptuak oso desberdinak dira, batzuk sartaldekoen oso antzekoak, besteak berriz desberdinak oso. Txinatarren zerua (T’ien), gizakiaren lege moralen eta izadiaren lege fisikoen gordetzailea da; jainkoaren nahiaren baliokide ere bada. Mahayana sekta budista batzuetan, paradisua zerua da; budista ortodoxoak ordea ez dira, oro har, zeruaz mintzatzen, nirvanaz baizik, desio oro desagertzen den egoeraz alegia. Hinduismoan zeruaren ikusmoldeak oso ugariak dira; hala, Vishnuren gurtzaileek sinesten dute sufrimendurik, beldurrik, heriotzarik ez den zerura joango direla, eta Vishnuren betiko argiaren glorian biziko direla han.