Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

zen 2

iz. Txinako budismoaren joera (txan), Japonian Eisai maisuak XII. mendean sartua. Budismoaren idatzi edo dotrinetako batzuen jarraipena baino areago meditazio mota bat da. Elezaharraren arabera Bodhidharmak (K.o. V. mendea) sortu zuen, Yogacara edo Kontzientziaren eskola budistaren bidetik; eskola horrentzat kontzientzia bera da errealitatea, eta ez haren objektuak. Bat-bateko iratzarpenaren irakaskuntza (satori), zen dotrinaren ezaugarri berezia, Hui-neng maisuak sartu zuen VII. mendean; nork bere “jatorrizko izatea” (Buda) zuzenean atzematea da, hark definitu zuenez, iratzarpena. Zenaren garai oparoenean (VIII-IX. mendeak) meditazio eskola bakarra izan zen; koan esaerak sartu ziren, zen ikaslearen iratzarpen maila ezagutzeko meditazio gai gisa jartzen diren paradoxak. 845. urteko esetsaldiaren ondoren bi eskola nagusi sortu ziren: Lin-txai (japonieraz Rinzai), koan-ei eta satori-ari garrantzia ematen ziena, eta Tsao-tung (japonieraz Soto), garrantzi handiena meditazioari berari (zazen) ematen ziona. Bi eskola horiek berebiziko garrantzia izan dute Japoniako politika eta kulturako hainbat arlotan: olerki, pintura, lorezaintza, gudu antzeetan.