Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

zeinu 2

Keinua. || Ikurra, marka.  v  Mat. Zenbaki bat positiboa ala negatiboa den adierazteko erabiltzen den ikurra. Positiboa (+) ikurraren bidez adierazten da eta negatiboa (-) ikurraren bidez; zenbakiaren aurrean edo gainean jartzen da.  v  Astr. Zodiakoa osatzen duten hamabi ataletako bakoitza irudikatzeko erabiltzen den irudia.  v  Hizkl. Adierazgarriaren eta adieraziaren arteko lotura uztartzen duen banako linguistikoa. Zeinu linguistikoaren teoria F. Saussurek landu zuen. Haren arabera zeinua bi aurpegi (adierazgarria eta adierazia) dituen batasuna da; horren ezaugarri nagusiak hauek dira: hautazkoa edo arbitrarioa dela, egitura lineala duela, une jakin batean aldaezina dela, eta, denboran zehar bilakatuz doalako berriz, aldakorra dela. Zeinua hautazkoa da, berez ez delako inolako loturarik adierazgarriaren eta adieraziaren artean (kontzeptu bera hots guztiz desberdinez adieraz daiteke hizkuntza batean eta bestean: euskaraz mahai, gazteleraz mesa, frantsesez table adibidez). Zeinua lineala da, hotsak denboran gauzatzen direlako, hots kate bat eratuz (idazketan, hala ere, espazioak hartzen du denboraren lekua). Zeinua aldaezina da une jakin batean aztertzen denean, hiztun batek zeinuaren esanahia aldatzen badu, honek ez baitu komunikazio funtzioa betetzen (batek mahaiari etxe deituko balio eta etxeari mahai, komunikazio arazoak balituzke besteekin hitz egitean); zeinua hiztun taldeak finkatzen du eta gizabanakoak horretara makurtu behar du. Azkenik, zeinua aldakorra da, hizkuntza aldatuz doalako eta bere bilakaeran zehar zeinua ere (hotsaren eta horren esanahiaren arteko lotura) aldarazten duelako. Saussureren ondorengo hizkuntzalariek zehaztu eta zenbaitetan aldatu dute zeinuaren teoria, E. Benvenistek bereziki.