Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Zegama

Gipuzkoako hegoaldeko udalerria (Goierri). Mugak: iparraldean Zerain eta Segura; ekialdean Segura eta Idiazabal; mendebalean Legazpi; hegoaldean Asparrena (Araba) eta Zalduondo (Araba). Garaiera, 296 m. 35 km2. 1997ko datuen arabera, 1.320 biztanle (zegamarrak). Auzo nagusiak: Arrietas, Barrenaldea, Goialdea eta Olaran. Oria ibaiak zeharkatzen du udalerria. Euskara, gipuzkera. Hizkuntza banaketa 1996an: 3.581 euskaldun, 1.156 ia-euskaldun eta 2.050 erdaldun. Ekonomia jarduera nagusiak industria (janari industria, papergintza, kimika, altzairugintza; langileen % 68,5) eta zerbitzuak (oinarrizko zerbitzuak; langileen % 30) dira. Dena dela jende askok bigarren lanbide ditu baserriko lanak, eta Zegamako herriak ez du nekazari izaera galdu. Aipagarriak dira XV. mendeko San Martin parrokia eliza (XVIII. mendeko kanpandorre barrokoa), Zumalakarregiren hilobia (San Martin parrokia eliza barruan), Ama Birjina Iruetxetako ermita, Santakruz ermita, San Adrian ermita (izen bereko tunelean), Sancti Spiritu ermita eta udaletxe arkupeduna. v Historia. Zegamako herriari buruzko datu zaharrena 1384. urtean Segurako herriaren mende jarri zenekoa da, garai hartan Zegama unibertsitate edo auzo bat besterik ez zenean eta egoera horretan egon zen 1615. urtean Filipe III.aren eskutik hiri-gutuna jaso zuen arte. 1812. urteko Independentziako Gerraren garaian erre egin zuten frantsesek Zegamako udaletxea, eta han hil zen, Bilbon zauritua izan ondoren, Tomas Zumalakarregi karlista ospetsua.