Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Zangozako merindadea

Nafarroako herrialdeko bost merindadeetan handiena da Zangozakoa. 2.982 km2 (Nafarroako eremuaren % 28,6) ditu eta 46.510 biztanle (1981, 15,6 biztanle km2-ko). 65 udalerrik osatua da Zangozako merindadea. Mugak: iparraldean, Nafarroa Beherea, Zuberoa eta Biarno; ekialdean, Aragoiko Elkarte Autonomoa; mendebalean, Iruñeko merindadea eta Erriberriko merindadea; hegoaldean, Tuterako merindadea eta Aragoi. Aragoi ibaiak eta horren adarrak diren Arga, Elortz, Ezka, Zaraitzu, Urrobi, Irati eta Erro ibaiek ureztatzen dituzte Zangozako merindadeko lurrak. Merindadeko mendialde nagusiak: Abodi, Alaitz, Nabaskozeko mendialdea, Leire, Orotz-Betelu, Kintoko mendiak eta Piriniokoak dira. Pirinioetako ibarretako ekonomia jarduera nagusiak laborantza (patata, bazkarako landareak), abere hazkuntza (ardi, behi azienda) eta baso ustiaketa dira. Handik hegoaldera gari eta garagar sailak eta mahastiak dira nagusi, herriak handiago eta bilduago dira, eta elkarrengandik urrunago daude. Industria, txikia, herri nagusietan (Zangoza, Agoitz, Irunberri) bilduta dago.