Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Zangoza

Nafarroako erdi-ekialdeko udalerria eta izen bereko merindadeko herriburua (Zangozako merindadearen hegoaldea). Sangüesa-Zangoza du izen ofiziala. Mugak: iparraldean, Irunberri, Ledea eta Xabier; ekialdean, Undues de Lerda eta Sos del Rey Catolico (Zaragozako herrialdea); mendebalean, Oibar eta Kaseda; hegoaldean, Xabier. Garaiera, 404 m. 67,21 km2 ditu. 1999ko datuen arabera, 4.634 biztanle (zangozarrak). Gabarderal eta Rocaforte kontzejuek osatua da udalerria. Udalerriaren eremuetan isurtzen dute ura Irati eta Onsella ibaiek Aragoi ibaian, Entrambasaguas izeneko aurkientzan. Hizkuntza, gaztelania. XVII. mendean galdu zen euskara. Nafarroako Foru Erkidegoko 1986ko Euskararen Legearen arabera, eremu ez-euskaldunean dago. Ekonomia jarduera nagusiak industria (papergintza, ehungintza, janari industria, eraikuntzarako gaiak; langileen % 55) eta zerbitzuen alorra (oinarrizko zerbitzuak, dendariak, garraiariak, irakasleak, administraritza, epaitegia; langileen % 32) dira ekonomia jarduera nagusiak. Gainerakoak nekazaritzan aritzen dira (garia, garagarra, mahatsa, artoa, ardi eta behi azienda). Erdi Aroko hiriaren egitura gorde du, neurri handi batean. Nafarroako eta Aragoiko erresumak bereizi zirenean (1134) babeserako dorre eta harresiak eraiki zituzten zangozarrek. Handik hara, 1150 inguruan, sortu ziren harresiez kanpoko lehen biziguneak (Oltra, San Andres elizaren inguruan eta Castellon, San Eztebe elizaren inguruan). XIII. mendean karmeldarren, frantziskotarren eta domingotarren komentuak eraiki zituzten hiribilduaz kanpoan. Erdi Aroko eraikuntza gotortu asko suntsitu ziren XVI. mendean Cisneros kardinalak aginduta. Gaur egun zutik dirauten monumentuen artean aipagarriak dira XII. mendeko Ama Birjinaren eliza erromaniko-lehengotikoa (XII. mendeko ataria, XVI. mendeko erretaula platereskoa, XIV. mendeko irudi gotikoak), XII-XIII. mendeetako Santiago eliza erromaniko-lehen gotikokoa (XIV. mendeko irudi gotikoa, XVII. mendeko erretaula), XIII. mende bukaerako Salbatore eliza lehengotikoa (XVI. mendeko korua, XVII. mendeko erretaula nagusia erromanista, XV. mendeko harrizko sagrario gotikoa), XII. mendean dokumentaturiko San Adrian Vadoluengoko eliza, XIII. mendeko San Frantzisko komentua eta eliza (XIV. mendeko klaustroa), XIV. mendeko Karmengo Ama Birjinaren komentua eta eliza gotikoa (XIV. mendeko klaustroa, XVII. mendeko erretaula nagusia), San Babil ermita (XVI. m.), Norako Ama Birjinaren ermita (XVII. m.), Bideko Ama Birjinaren ermita (XVI. mendeko irudia) eta Ama Birjina Sorospeneko ermita (XIV. mendeko Ama Birjinaren irudi gotikoa. Eraikuntza zibilei dagokienez aipagarriak dira XIII-XV. mendeetako Vianako Printzearen jauregi-gaztelua, udaletxe errenazentista eta beste hainbat etxe eta jauregi gotiko, errenazentista eta barroko. v Historia. Sangüesina la Vieja bide zen lehen hiribildua, gaur egungo Rocaforte; X. menderako garrantzi handia izan zuen Iruñeko erreinuan sartu nahi zuten musulmanei sarrera eragozteko. Antso V.a Ramirez Nafarroako eta Aragoiko erregearen eskutik jaso zuen Zangozako hiribilduak Jakako foruen bidez gobernatzeko baimena, 1090. urte aldera. XVI. mendean Nafarroa eta Aragoi Gaztelaren mende geratu zirenean desagertu egin ziren Zangozako hiriarentzat muga-herri izateak zituen arriskuak baina, aldi berean, hiriaren gainbehera ekarri zuen. Erregetzarako (1701-1714) eta Independentziako (1808-1814) gerretan ere galera nabarmenak jasan zituzten zangozatarrek. Gaztelu bat izan zen Zangozan XI. mendetik 1519. urtean suntsitu zuten arte.