Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Zambeze

edo Zanbezi. Afrikako ibaia, bi tropikoen artean dagoena. Indiako Ozeanoan itsasoratzen direnen artean Afrikako nagusia da; 3.500 km luze da eta 1.295.000 km2 ditu arroak. Liba izena du sorburuan, Zambiako Kalene muinoetan, Angolako eta Zaireko mugan. Bere bidean Angolatik, Zambiatik, Zimbabwetik eta Mozambiketik igaro ondoren, Chinde hiritik hurbil itsasoratzen da, Beiratik ipar-ekialdera. Ezkerraldeko ibai adar nagusiak Kafue, Luangwa, eta Shire dira, eta eskuinaldekoak Lungue-Bungo, Luanginga, Chobe eta Shangani. Zambiaren eta Zimbabweren arteko muga egiten du; tarte horretan daude Victoria ur-jauziak. Ondoren Kariba eta Cabora Bassa urtegiak daude, munduko handienetakoak, eta Quebrabasa ur-lasterrak. Martxoa-apirilean darama ur gehiena eta urria-azaroan gutxiena. Ontziz ibil daiteke bokaletik Tete hiriraino (Mozambike).