Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Villar Llona, Ángel María

Bizkaitar futbolaria eta legelaria (Bilbo, 1950). Espainiako Futbol Errege Federazioko lehendakaria. Hemeretzi urte zituela, kimikako ikasle zela, Bilboko Athletic futbol taldeak kontratatu zuen jokalari profesional gisa. Ikasketak bertan behera utzi zituen; baina hogeita hiru urterekin, berriro ikasten hastea erabaki zuen, zuzenbide karrera, kimikakoaren ordez. 1979an lortu zuen lizentzia eta harrezkero legelari gisa jardun zuen, beste bi legelarirekin batera. Gaztetan Galdakao eta Getxo taldeetan jokatu ondoren, 1970ean Bilboko Athleticen egin zuen debuta futbolari profesional gisa. Bere futbolari karrerako hemerezi urteetatik hamaika talde horretan jokatu ditu; 1973ko Kopa irabazi zuen, eta 1997an txapeldunorde geratu ziren Kopan eta UEFAn. Espainiako selekzioarekin, berriz, 22 aldiz jokatu zuen, Ladislao Kubalaren esanetara gehienetan. 1978an Espainiar Futbolari Elkartearen sortzaileetako bat izan zen eta elkarteko lehendakariorde izatera iritsi zen. 1981ean, profesional gisa jokatzeari utzi zion urtean, Bizkaiko Futbol Federazioko lehendakari hautatu zuten, eta 1988an Espainiako Futbol Errege Federaziokoa. 1984tik aurrera federazio horretako Zuzendaritza Batzordeko kide izana zen. 1992an berriro hautatu zuten lehendakari beste lau urtetarako, eta karguan berretsi zuten ostera 1996an. 1994an Europako Futbol Elkarteko (UEFA) Batzorde Exekutiboko kide hautatu zuten berriro.