Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Villa Galvis, Álvaro

Kolonbiar ingeniaria (Medellín, 1940). Imageneering delakoaren munduko hiru handietako bat. Pertsonek bezala dantza, abestu, negar eta hitz egiten duten robot erraldoien egilea, joko didaktiko eta ekipo interaktiboen eta aireportuentzako informazio sistemen asmatzailea. Disneyn bizi da, bere enpresa AVG Productions-en zuzendari. Etxe tresnetako lantegi txikietan hasi zen lanean. 1961ean Estatu Batuetara joan zen pilotu izateko asmoz, eta NASArentzako espazio ontziei buruzko lehen proiektuak egin zituen. 1978an Disney konpainiak kontratatu zuen Disney World-eko (Florida) jolas parkea berritzeko eta irudi, jolas eta denbora-pasarako instalazio gehiagoz hornitzeko: Tiki room, Etxe sorgindua, Lehendakarien Aretoa, Karibeko piratak, Laser galeriak, etab. Horrez gainera, bostehundik gora giza irudi eta berrehundik gora munstro diseinatu eta fabrikatzeaz gainera. Bestalde, zenbait filmetarako antzezleku fantastikoak eraiki ditu (Drakularen gaztelua, Galaxietako gerra, ETren abentura…), Fuji telebista kate japoniarrarentzat Dinosauroen azken gaztelua (benetakoen neurrian egindako hemezortzi dinosauro), Singapurko abentura (46.450 metro koadroko jolas parkea), Animatronic Herensugea (Las Vegasko Excalibur hotelarentzat), Mamuen antzerkia (Queen Island, Ohio, munduko fantasia handienetakotzat hartua), Pekingo jolas parkeko igel kantariak eta dragoiak, berrogei monumentu historiko Omango gobernuarentzat, etab.