Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Vargas Llosa, Mario

Peruko idazlea (Arequipa, 1936). Unibertsitateko irakasle izan da zenbait lekutan, Nazioarteko PEN Club-eko lehendakaria (1976-79), eta Peruko lehendakaritzarako hautagaia 1990. urteko hauteskundeetan. Gaztelaniazko literaturako gaur egungo idazle aipagarrienetako bat da Vargas Llosa. Haren obrak, kontakizun egitura eta adierazpen forma berrien bitartez, errealismoa berriztatzea lortu du. Lehen kontakizunetan ageri da jadanik estilo berritzaile hori (1959, Los jefes), eta orobat lehen eleberrian ere, La ciudad y los perros (1962, Hiria eta zakurrak). Liburu horrek berehalako arrakasta eman zion egileari, atzerrian bereziki. Limako ikastetxe militar bateko irakaskuntza sistemaren kritika gupidagabea da, eta delako ikastetxean eleberri horren ehunka ale erre zituzten. Ondoren, besteak beste, La casa verde (1966, Etxe berdea), Conversación en la catedral (1969, Elkarrizketa katedralean), Pantaleón y las visitadoras (1973, Pantaleón eta bisitariak), La tía Julia y el escribidor (1977, Izeba Julia eta eskribatzailea), Los cachorros ipuin bilduma (1967, Zakurkumeak) argitaratu zituen. Denetan ere, oso nabarmena da hizkuntzaren aberastasuna, eduki gogor eta samin baten adierazpide poetiko gisa erabilia. Eleberriez eta kontakizunez gainera, antzerki lanak (1981, La señorita de Tacna) eta literatura saiakerak idatzi ditu. Azken hauetakoak dira García Márquez: historia de un deicidio (1971, García Márquez: jainko-hiltze baten historia) eta La orgía perpetua: Flaubert y “Madame Bovary” (1975, Orgia betierekoa: Flaubert eta “Madame Bovary” ).