Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Valero Omedes, Carmen

Espainiar atleta (Castelseras, Teruel, 1955). Hamabost urte zituela, gurasoekin Bartzelonara joan zen bizitzera. 1972an egin zuen debuta nazioarteko proba batean, Nazioen Crossean, Cambridgen. Bi urte geroago, Rabaten, zilarrezko domina irabazi zuen, eta 1976an eta 1977an urrezkoa. Atletismo proba horretan garaipena lortzen zuen lehen emakume espainiarra izan zen. 800, 1.500 eta 3.000 metroko probetan Espainiako errekorra hautsi zuen, eta Espainiako Cross txapelduna izan zen 1973-1978 bitarteko urteetan eta 1981ean. 1976an Montréaleko Olinpiar Jokoetan parte hartu zuen, 800 eta 1.500 metroko probetan. 1981ean erretiratzea zihoala iragarri zuen, baina 1986ko martxoan berriro agertu eta Espainiako kross txapelketa irabazi zuen. Urte horretan bertan, abuztuan, 5.000 metroko Espainiako txapelketa irabazi zuen, eta 1986ko abenduaren 31n Madrilgo San Silvestre proba irabazi zuen. Carmen Valeroren 1.500 metroko Espainiako errekorra, 1976koa, 1988ko uztailean hautsi zuen Maite Zuñiga arabarrak, Dusseldorfen. 1989an Espainiako Atletismo Federazioko zuzendaritzako kide izendatu zuten.