Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Valentino, Rodolfo

(Jaiotza izenez, Rodolfo Guglielmi di Valentino d’Antongueila). Estatu Batuetako antzezlea, jatorriz italiarra (Castellaneta, 1895 - New York, 1926). 1913an iritsi zen Estatu Batuetara eta hainbat lanbidetan jardun zuen dantzari profesionala izan arte. 1917an hasi zen Hollywooden lanean eta arrakasta handia izan zuen The Four Horsemen of the Apocalypse (1921, Apokalipsiko lau zaldunak) filmeko protagonista gisa. Zinema mutuko izar handienetako bat izan zen, eta galaiak eta maitaleak antzeztu zituen batez ere; “Munduaren maitale” esaten zioten, eta haren heriotzak zirrara eta dolu handia sortu zuen jarraitzaileengan. Filmak: Camille (1921), The Sheik (1922), Blood and Sand (1922, Odola eta harea), Monsieur Beaucaire (1924), The son of the sheik (1926).