Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Valdés Leal, Juan de Nisa

Espainiar pintore, grabatzaile eta dekoratzaile barrokoa (Sevilla, 1622 - Sevilla, 1690). Gai eta egoera lazgarriak, eta herioa pintatzeagatik da batez ere ezaguna. Kordoban egin zituen arte ederretako ikasketak; hasierako pintura lanetan Antonio del Castillo eta Francisco Herrera Zaharra pintoreen eragina igartzen zaio: San Andrés, La Virgen de los Plateros (Zilargileen Ama Birjina). 1653. urtean sei koadro egin zituen Santa Clara de Carmona komenturako, Ataque de los sarracenos (Sarrazenoen erasoa) tartean. 1663-1666. urteetan Marrazki Akademiako lehendakaria izan zen. Hurrengo urteetan egin zituen koadroetan kolorea eta argi kontraste bortitza nabarmendu zituen formen gainetik: Elías en el carro de fuego (Elias suzko organ) eta La Flagelación (Zigorkaldia). Bere bi obrarik ezagunenek ordea, Karitatearen Ospitalerako egin zituen: In ictu oculi (Herioaren garaipena) eta Finis gloriae mundi (Munduko loriaren amaiera); ez dute mugimendurik adierazten, eta, herioa hilkutxa eta sega daramatzala, eta hiloztegi bat irudikatzen dute, hurrenez hurren. Pintore dramatikoa eta bortitza izan zen, Sevillako eskola barrokoko maisurik handienetakoa.