Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Ursua, Pedro

Nafar konkistatzailea (Arizkun, Baztan, 1525 - Mocomoco, Amazonas ibaia, 1561). 1543. urtean itsasoratu zen lenengo aldiz Sevillan Perurako bidean eta urte bereko abuztuan iritsi zen Ameriketara. Lehorreratu eta handik gutxira bere lehengusu Miguel Díez de Armendariz Indietako ikuskatzaile nagusi izendatu zuten; hark egungo Kolonbiara espedizio bat antolatu zuen eta Ursua izendatu zuen espedizioburu eta Granadako Erresuma Berriko teniente nagusi. Magdalena ibaian gora egin zuen, eta Velez eta Tunja herrietatik igaro ondoren Santa Fe de Bogotara heldu zen. Bertako gobernari Montalvo de Lugok ez zuen hiriko aginpidea Ursuaren esku utzi nahi izan; Ursuak atxilotu zuen eta gobernari izendatu zuen bere burua. 1546-1548 urteetan Gonzalo Pizarrok Perun antolatu zuen matxinadari aurre egin behar izan zion eta 1548. urteko abuztuan Xaquixaguanako guduan garaitu zuen matxinatua. Handik gutxira Chanchón kazikearen matxinada ere zapuztu zuen. 1549. urtean Kolonbiako Ande mendietara abiatu zen eta urte berean Pamplonako hiria sortu zuen, egungo Kolonbiako kultura gune garrantzitsuenetakoa dena. 1551. urtean urre hobiak aurkitu zituen Pamplona inguruan eta hiri oparo bihurtu zen urte gutxitan. Bere lehengusu Armendariz postutik kendu zutenean muzo leinuaren aurkako espedizioan parte hartzera behartu zuten eta gerra honetan garaile irten ondoren Tudelako hiria sortu zuen muzoen lurraldean, baina handik gutxira jatorrizko biztanleek suntsitu egin zuten. 1554tik aurrera, ordea, legez kanpo utzi zuten espainiar agintari berriek eta Pamplonara eta Santa Fera ezkutatu behar izan zuen aldi batez. Panamara joan zen ondoren eta hango erregeordearen zerbitzari jarri zen. Erregeordeak, ihes eginiko esklabo beltzen aurka borrokatu zezan agindu zion. 1556. urtean hasi zuen esklabo ohien aurkako gerra eta haiekin negoziatu ondoan pozoitu egin zituen denak, Bayano buruzagia salbu. 1558. urterako guztiz konkistatzaile ospetsua zen eta urtebete geroago El Dorado konkistatzeko agindua jaso zuen. 1560an abiatu ziren Amazonas ibaian gora eta 1561ean, Mocomocoko herrixkan zeudenean, espedizioko talde batek, Lope de Agirre buru zuela, hil zuen Ursua, haren aginduz.