Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Urdazubi

Nafarroako ipar-erdialdeko udalerria, Lapurdirekin muga egiten duena (Iruñeko merindadea). Urdazubi-Urdax du izen ofiziala. Mugak: iparraldean, Sara (Lapurdi); ekialdean, Sara eta Baztan; mendebalean, Sara eta Zugarramurdi; hegoaldean, Zugarramurdi eta Baztan. Garaiera, 95 m. 7,26 km2. 1999ko datuen arabera, 412 biztanle (urdazubiarrak). Auzo nagusiak: Alkerdi, Dantxarinea, Landibar, Leorlas, Tejeria eta Urdazubi (herriburua). Olabidea ibaiak zeharkatzen du Urdazubiko udalerria. Euskara, lapurtera; euskaldunak, % 80. Nafarroako Foru Erkidegoko 1986ko Euskararen Legearen arabera, eremu euskaldunean dago. Laborantza (barazkiak, artoa, bazkarako landareak, lekadunak), abere hazkuntza (behi eta ardi azienda), basogintza eta horien inguruan sorturiko industria (janari industria, zurgintza) dira ekonomia jarduera nagusiak. Biztanle askok Urdazubi muga herria izateaz baliatuta, denda txikiak zabaldu ditu han-hemenka. Aipagarriak dira IX. mendeko jatorria duen Salbatore monasterioaren hondakinak, XVI. mendeko Alkerdiko San Eztebe ermita eta hainbat etxe armarridun. Nabarmentzekoak dira Urdazubiko leizeak (Alkerdi, Zelaita). v Historia. Urdazubiko monasterioaren eta herriaren jatorria ilun dago, 1526 eta 1793. urteetako suteetan dokumentu ugari galdu baitzen. X. menderako agustindarren ospital bat zegoen han, eta gero eta garrantzitsuagoa zen, Champagneko etxearen babesari esker. Salbatore monasterioa, Konpostelako Santiagorako bidean baitzegoen, erromesen topagune bihurtu zen, eta bertako abateek bazuten eskua gorteetan. 1774. urtean Karlos II.ak hiribildu izendatu zuen Urdazubi eta 1785. urtean hiri-gutuna jaso zuen. 1793. urteko suteak suntsitu zuen monasterioa.