Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

unibertso

izond. eta iz. || iz. Mundua, izatea duten gauza guztien multzoa. || izond. Unibertsala.  v  Mendeetan zehar teoria asko eman dira unibertsoaren jatorriaren eta egituraren berri emateko. K.a. VI. mende aldera, antzinako Greziako filosofo presokratikoen (besteak beste Tale, Anaximandro, eta Anaximene) teoriaren arabera, unibertsoaren sorrera ez zen naturaz gainekoa izan, aitzitik, bata bestearen ondoren gertatu ziren gertaera naturalen bidez sortu zen. Eskola pitagorikoaren ustez unibertsoa ordenatua zen, erlazio matematikoek egituratua; pitagorikoen teoria eskola atomikoaren ordezkari ziren Leuzipo eta Demokritoren lanekin burutu zen. Ikuspuntu atomista zen Lucrezio erromatar poetak jaso zuen De rerum natura (Gauzen naturaren gainean) obrakoa; bertan, mugarik gabeko unibertsoa azaltzen zuen, eta atomoen arteko elkarren eraginaren bidez, amaierarik gabeko munduak irudikatzen zituen. Unibertsoaren hasierako egituratze hori Platon, Aristoteles, eta Ptomeleoren kosmologia finitu geozentrikoak ordezkatu zuen, gerora Erdi Aroko teologian eragin handia izan zuena.  v  XVI. mendetik aurrera, eta 200 bat urtez, eman ziren teoriek, hala nola Eguzkia unibertsoaren zentrotzat hartzen zuen Kopernikoren teoria (eredu geozentrikoa), Tycho Braheren izarren taxuzko neurketa, Keplerren aurkikuntza matematikoak, Galileoren behaketak eta teoriak, zein Newtonen teoriak, ateak zabaldu zizkioten itxuraz infinitua eta kokagune jakinik ez zuen unibertsoaren irudiari. Errenazimentuaren garaian ordu arte nagusi zen eredu geozentrikoa bertan behera geratu zen, Galileo eta Keplerren lanek indartu zuten eredu heliozentrikoaz. XVIII. mendearen erdi aldera, besteak beste, Emanuel Swedenborg, Thomas Wright, Immanuel Kant, eta Johann Heinrich Lambert zientzialari eta filosofilarien teorien arabera, izarrak sistemetan, galaxietan alegia, biltzen ziren; gerora William Herschel ingeles astronomilariaren behaketa lanak baieztatu zuen bazirela izar multzo edo galaxiak. 1785. urte aldera Donejakue bidearen adierazpen kualitatiboa osatu zen; XX. mendea arte, ordea, harik eta Harlow Shapley-ek eguzki sistemari dimentsioak eta eguzkiari kokagunea eman zion arte alegia, ez zen adierazpen zehatzik proposatu. 1920. urteko hamarkadan ere, Edwin Powell Hubble astronomoak Eguzki Sistematik kanpo galaxiak bazirela finkatu zuen; 1929. urte aldera astronomilari horrek aurkitu zuen kanpoaldeko galaxiek elkarrengandik aldentzen direla, distantziarekin handitzen den lastertasunaz. Asmakizun horrek eta Albert Einsteinen erlatibitatearen teoria orokorrak finkatu zuten gaur egungo kosmologia.  v  Egun onartuenik den teoriaren arabera, leherketa batekin sortu zen unibertsoa; leherketa horri big bang izena eman zaio, eta dirudienez orain dela 10.000 milioi bat urte gertatu zen. Leherketa hura izan ondoren hasieran unibertsoaren osagarri nagusia ez zen irrada baizik; hedatua hala baina, materia nagusitu zen osagai gisa, hasierako leherketa izan eta 1.000 bat urtetara. Hubbleren asmakizunaren eta beste zenbait asmakizun berriren arabera, badirudi unibertsoa zabaltzen ari dela, eta hala jarraituko duela etengabe, nahiz eta egungo kosmologoek baduten zalantzarik horretaz, unibertsoaren historia hedapen-uzkurtze prozesu jarraitua eta etengabea ere izan baitaiteke haien ustetan.  v  Astr. Izarren arteko espazioa betetzen duela, bada materia gas egoeran, batik bat hidrogenoz (% 90) eta helioz osatua. Galaxien arteko espazioan, berriz, badira oso partikula txikiak, milimetro bateko diametroa dutenak, eta horiek osatzen dute galaxien arteko hautsa. Hauts eta gas kosmikoa era bertsuan dago banatua; hala ere, batzuetan nebulosak osatzen dituzte. Gaur arte lortu izan den behaketarik garrantzitsuenetakoaren arabera, galaxien espektruak gorrirantz jo du; horrez gainera, gero eta urrunago diren galaxien espektruek gehiago jotzen dute gorrirantz. Horrek, teorian, unibertsoa zabaltzen ari dela esan nahi du, galaxiak elkarrengandik urruntzen ari direla, elkarren arteko distantziaren araberako lastertasunaz.