Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Undset, Sigrid

Norvegiar idazlea (Kalundborg, Danimarka, 1882 - Lillehammer, 1949). Marta Ulia anderea (1907) nobelarekin eman zen ezagutzera, eta haren ondotik Jenny (1911) eta Udaberria (1914) lanak argitaratu zituen. Bere garaiko feminismoaren aurka zegoen, eta nobela hauetan maitasun librearen aldekoak kritikatu zituen eta emakumearen etxeko lana azpimarratu zuen (“Ez zaitezte feministak izan, izan zaitezte emakumeak, emazteak eta amak). Kristin Lavransdatter (1920-1922) eta Olav Audunssön (1925-1927) nobelak dira ezagunenak; gizonaren eta emakumearen arteko lehia dute gaia. 1925. urtean katolizismora bihurtu zen eta esperientzia hori kontatu zuen Gymnadenia (1929) eta Sasia sutan (1930) obren bidez. Erlijioaz zituen ideiak azaldu zituen Ida Elisabeth (1932), Emakume fidela (1936) eta Madame Dorthea (1936) lanetan. Nazismoaren aurka zegoen eta alemaniarrek Norvegia okupatu zutenean Estatu Batuetara erbesteratu behar izan zuen. 1928. urtean literaturako Nobel saria jaso zuen.