Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Ullán, José Miguel

Espainiar poeta eta prosalaria (Villarino de los Aires, Salamanca, 1944). Parisen bizi izan da urteetan, Frantziako irratiko gaztelaniazko programetan lan egiten. Espainiara itzuli zenean soldadutza egitera behartu zuten, eta esperientzia atsekabegarri horren berri eman zuen Soldadesca (1977, Soldadu jendea) liburuan. Bere lehenengo liburuak, kritikak poesia sozialaren barruan sailkatzen dituenak, hauek izan ziren: El jornal (1965, Lansaria); Amor peninsular (1965, Penintsulako amodioa); Un humano poder (1966, Ahalmen gizatiarra). Gizarte kritikarako sena galdu gabe, abangoardiazko forma poetikoetara jo zuen gero: Maniluvios (1972); Frases (1976, Esaldiak); eta batez ere, De un caminante enfermo que se enamoró donde fue hospedado (1976, Ostatu hartu zuen lekuan maitemindu zen ibiltari eri batez). Azken liburu horrek, zeina har baitaiteke poesia bisualtzat eta testu collage-tzat, Kritika Berriaren Saria jaso zuen. Azkeneko poema liburuak: Manchas nombradas (1984, Orban aipatuak); Visto y no visto (1992, Aitaren batean); Razón de nadie (1995, Inoren arrazoia).