Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Uld Taya, Muauiya Sidi Ahmed

Mauritaniar politiko eta militarra (Atar, 1941). Mauritaniako gudarostean sartu ondoren, 1961ean alferez maila lortu zuen, eta 1967an kapitain. Bien bitartean zenbait kargu izan zituen Defentsa ministerioan eta Estatu Nagusian. 1973an komandante izendatu zuten. Hurrengo urtean Parisko Gerrako Goi Eskolan sartu zen eta Mauritaniara itzuli zenean, hurrengo urtean, Estatu Nagusi Laguntzaileko buru izendatu zuten. 1976-1978 urteetan Saharako gerran parte hartu zuen. 1978an, Uld Daddah lehendakaria kargua uztera behartu zutenean, Defentsa ministro izendatu zuten. 1981eko apirilean Lehen ministro eta Defentsa Nazionaleko ministro izendatu zuten, koronel izendatzeaz gainera, eta 1984an, Salbazio Nazionaleko Batzorde Militarreko lehendakari. 1989an Maroko, Libia, Aljeria, Tunisia eta Mauritaniako estatuburuek, Marrakechen elkartuta, Magreb Arabiarraren Batasuna sortu zuten. 1991n erreferenduma deitu zuen independentziaz geroko lehen konstituzio demokratikoaz bozkatzeko. Gehiengoz onartu zen konstituzioa, eta Uld Tayak, Mauritaniako lehendakari gisa, konstituzioa aldarrikatzeko dekretua izenpetu zuen. Lehendakariaren dekretua betetzeko eta demokrazia ezartzeko lehen urrats gisa, lehendakaritzarako hauteskundeak deitu ziren 1992an, eta Uld Tayak irabazi zituen. Handik gutxira, legegintzarako hauteskundeak egin ziren, eta lehendakari Taya-ren Alderdi Errepublikar Demokrata eta Sozialistak irabazi zituen. Oposizioko alderdiek ez zuten parte hartu.