Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Uhlenbeck, George Eugene

Estatu Batuetako fisikaria, jatorriz holandarra (Batavia, egun Yakarta, 1900 - Boulder, 1988). Samuel A. Goudsmit-ekin batera elektroiaren spin kontzeptua proposatu zuen. 1925. urtean Holandako Leidengo unibertsitatean doktoretza prestatzen ari zela, Goudmist-ekin batera elektroiak ardatz bati buruz bira egiten duela aurkitu zuten. 1927. urtean Utrecht-eko unibertsitatean sartu zen, Michigango fisika sailean izan ondoren. 1939. urtean irakasle lanbidetza hartu zuen Michigango unibertsitatean. 1943-1945 urteetan Massachusetts Institute of Technology-n aritu zen, eta Bigarren Mundu Gerra amaitu ondoren Holandan aritu zen berriz lanean. 1960. urtean Rockefeller Medical Research Center erakundeko fisikari eta irakasle hautatu zuten. Hainbat lan idatzi zituen atomoaren egituraz, quantum-en mekanikaz, materiaren teoria zinetikoaz, eta baita fisika nuklearraz ere.