Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Uhlenbeck, Christianus Cornelius

Holandar euskalaria (Voorburg, 1866 - Lugano-Ruvigliana, Suitza, 1950). Matias de Vries gramatika konparatuko irakaslearen eta Van Eys holandar euskalariaren obren eraginez sortu zitzaion euskararekiko kezka. Leidengo unibertsitatean eskuratu zuen filologiako doktoradutza. Errusian egon zen, gero, Holandako gobernuaren mandatuz, historia ikerketak egiten. 1892an, Amsterdamgo unibertsitatean hasi zen sanskritoko eta hizkuntza indoeuroparretako irakasle. Gero, Leidenera joan zen hizkuntza germanikoetako eta gramatika konparatuko eskolak ematera. Hizkuntza anitzi buruz egin zituen azterketak, batez ere, Ipar Ameriketako indiarren hizkuntzez eta euskaraz. Euskarari buruzko azterketak RIEV eta Eusko Jakintza aldizkarietan argitaratu zituen. Obra nagusiak: Características de la gramática vasca, La lengua vasca y la lingüística general, El carácter pasivo del verbo transitivo, o del verbo de acción, en ciertas lenguas de América del Norte. Ikerketa orokor horiez gainera, ugari idatzi zuen gai bereziagoez, esaterako, euskal fonetikaz, euskal atzizkiez, eta hizkuntza indoeuroparrekin, kaukasiarrekin eta Afrika iparraldeko hizkuntzekin euskarak izan litzakeen ahaidetasunez. Ohorezko euskaltzain izan zen.