Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Ugarte Zubiarrain, Rikardo

Gipuzkoar eskultorea (Pasai San Pedro, 1942). Bakarka nahiz taldean eginiko erakusketa askotan hartu du parte, Euskal Herrian eta atzerrian. 1967. urtean egin zuen lehen bakarkako erakusketa eta ikusgai jarri zituen itxura angeluzezeneko eskulturak eta pinturak. Harrezkero sari ugari jaso ditu. 1975. urtean Basterretxea eta Mendiburu eskultore ospetsuekin batean aurkeztu zituen bere eskulturak eta hiru urte geroago Europako I. Hirurteko erakusketan parte hartzeko hautatu zuten. 1992. urtean CEOE espainiar enpresari-elkarteak urtero banatzen duen saria irabazi zuen. Burdina lantzen du batez ere eta molde angeluzuzenak eta kubikoak nahasten ditu goitik beherako konposizioetan. Eskulturaz gain pintura eta literatura ere landu ditu, eta bere lanak hainbat museo, herri eta hiritan daude ikusgai, hala nola Bartzelonan, Tenerifen edota Donostian. 90eko hamarkadan, besteak beste, El Ancla izeneko eskultura handia kokatu zuen Pasaiko portuan (1991); Gazteluaren memoria Tolosan; Juan Ignazio Iztuetaren omenezko eskultura Zaldibian (1995); La proa de la poesía izeneko lana Iruñean, Nafarroako Unibersitate Publikoaren campusean (1999); eta, 2001. urtean, Tajamar izeneko eskultura Lasarte-Orian.