Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Ugalde Orradre, Martin

Gipuzkoar idazle eta kazetaria (Andoain, 1921 – Hondarribia, 2004). 1947an, Euskal Herritik alde egin zuen, amarekin batera, Venezuelan zeuden aitarekin eta anaiekin bat egiteko. Kazetaritza ikasketak egin zituen Chicagoko Northwestern Unibertsitatean. Ondoren, Caracasko El Farol aldizkariko zuzendari izan zen. Venezuelan zela hasi zen literaturarekin zaletzen eta ipuinak idazteari ekin zion. 1957an, Un real de sueño sobre un andamio argitaratu zuen. Ondorengoak dira: La semilla vieja (1958), Las manos grandes de la niebla (1964). Hego Ameriketako literaturagileen eragina sumatzen zaio lan horietan, Gallegosena eta Roa Bastosena, batez ere. 1963an, Venezuelako giroa kontatzen zuten hainbat kazetari-lan bildu eta argitaratu zituen Cuando los peces mueren de sed izenburupean. 1969an, Euskal Herrira itzuli zen eta Hondarribian hartu zuen bizilekua familiarekin batera. EAJ alderdiaren Alderdi agerkariko zuzendari izan zen, ezkutuan. Gaztelaniazko beste lan aipagarri batzuk: Imágenes de la Semana Santa en Venezuela (1956), Unamuno y el vascuence (1966), Hablando con los vascos (1974), Síntesis de la Historia del País Vasco (1974), Tres relatos vascos (1974, ipuinak), Las brujas de Sorgin (1975, eleberria), El exilio en la literatura vasca: problemas y consecuencias (1979), Bajo estos techos (1979), El problema vasco y sus profundas raíces culturales y políticas (1980), Historia de Euskadi (6 liburuki, 1981-1983). Bestalde, hainbat abertzaleren biografiak idatzi zituen: Sabino Arana, J.A. Agirre, J.M. Leizaola, Aitzol, eta Lezo Urreiztietarenak, besteak beste. Euskarazko ipuingintza modernoaren lehen idazleetariko bat izan zen. 1961ean Iltzalleak narrazioa argitaratu zuen. Euskarazko beste lan aipagarri batzuk dira: Ama gaxo dago (1964), antzerki-lana; Umeentzako kontuak. Sorgiñaren urrea (1966), ipuina; Mantal urdina (1984), Bihotza golkoan (1990), eta Erretiradako trena (1997), narrazioak; Itsasoa ur-bazter luzea da (1973), Itzulera baten historia (1990), Pedrotxo (1994), eta Mohamed eta parroko gorria (2000), eleberriak; eta Batasun eta zatiketen artean (1990), kronika. 1990an, Euskaldunon Egunkaria-ko Administrazio Kontseiluko Lehendakari izendatu zuten. Ondorengo urteetan, hainbat omenaldi egin zizkioten: Euskal Herriko Unibertsitateak "Honoris Causa" doktore, Andoaingo Udalak "Seme Kutun", Eusko Jaurlaritzak "Euskal Herritar Unibertsal" eta Euskaltzaindiak Ohorezko euskaltzain izendatu zuten. 2002ko ekainean bere izena daraman Kultur Parkea inauguratu zuten Andoainen.