Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Tuvalu

(Izen ofiziala, Tuvalu, Ellice ohia). Ozeano Bareko mendebaldeko estatua. 26 km2 eta 12.177 biztanle (2008, tuvalutarrak). Hiriburua: Fongafale (4.492 biztanle, fongafaletarrak). Hizkuntza: tuvaluera eta ingelesa. Etniak: polinesiarrak (% 96). Erlijioa: Tuvaluko eliza (kongregazionalistak) % 85,4; Zazpigarren Eguneko adbentistak % 3,6; katolikoak % 1,4; bahaismoa % 1. Dirua: Australiako dolarra. ■ Lurraldea. Tuvaluko estatuak bederatzi atoloi (Ellice uharteak) ditu: Nanumea, Niutao, Nanumanga, Nui, Vaitupu, Nukufetau, Funafuti, Nukulaelae eta Nikulakita. Uharte horiek, ipar-mendebaldetik hego-ekialdera, 560 kilometroko luzera hartzen dute, 1.060.000 km2-ko itsas eremuan. Uhartedia ekuatore lerrotik beheraxeago dago, Australiatik 4.000 kilometro ipar-ekialdera, Gilbert uharteen hegoaldean, Mikronesiaren eta Melanesiaren artean. Klima tropikala da, beroa eta oso euritsua (batez beste 29 °C eta 3.000 mm euri urtean), eta higadurak gogor erasan du lurra. Uharteak koralezkoak dira, erabat lauak eta kokondoez estalita. Lurra pobrea da eta ez dago mea baliabiderik. Arrantza eta kokondoak izan dira bertako biztanleen bizibide tradizionalak. ■ Biztanleak. Herrialdeak hamar mila bostehun biztanle inguru zituen XX. mendearen bukaeran, eta biztanleria % 1,4 handitzen ari zen urtean. Bertako biztanleak polinesiarrak dira, eta atoloi guztietan bizi dira, Niulakitan izan ezik. Uharte jendetsuena Funafuti da, eta osoa har daiteke nazioaren hiriburutzat. Hizkuntza ofizialak tuvaluera (polinesiar hizkuntza) eta ingelesa dira. Nui atoloian kiribatiera edo gilbertera ere erabiltzen da. Erlijio nagusia, alde handiz, protestantismoa da (kongregazionista). Gainerakoak katolikoak eta Zazpigarren Eguneko adbentistak dira. ■ Ekonomia. Tuvaluko ekonomia munduko estatu independenteetatik txikiena da. Nekazaritza pobrea da, lurra ez baita emankorra, eta kokondoak besterik ez dira hazten. Kokondotik eratorritako gaiak (kopra, kokoak) esportatu egiten dira. Abere hazkuntzak ere ez du pisu handirik nazioaren ekonomian, baina bai arrantzak. Arrantza bihurtu da Tuvaluko ekonomiaren etorkizunerako esperantza nagusia. Tuvaluren mendean dagoen arrain erreserba handia munduko arrantza ontzidi handienak erakarri ditu, Estatu Batuetakoa eta Japoniakoa, besteak beste. Turismoa garatu gabe dago oraindik. ■ Historia. K.a. 30.000 urtean gutxi gorabehera, Australiako herriak Ozeano Bareko uharteetara zabaltzen hasi ziren. K.o. IX. menderako Polinesia osoan zehar hedatuta zeuden. Tuvaluko uhartediko biztanleak Samoa eta Tona uharteetatik iritsi ziren. XVI. mendean heldu ziren lehen europarrak, baina ez ziren geratu, uharteetan aparteko aberastasunik ez zegoelako. Esploratzaile haietako batek eman zion ezagutzen den lehen izena uhartediari: Ellice uharteak. 1850 eta 1875 bitartean, trafikanteek milaka gizon harrapatu eta Peruko fosfatoguneetara (guano) eta Txileko gesaltegietara eraman zituzten behartuta lan egitera; uharteko biztanle kopurua 20.000tik 3.000ra gutxitu zen. 1865ean, beste inbasio bat izan zen: Britainia Handiko eta Estatu Batuetako misiolariak iritsi ziren. 1892rako uharteak Britainia Handiaren babespean zeuden. 1915ean, Gilbert uharteekin batera, Gilbert eta Ellice kolonia bihurtu ziren (ik. Kiribati). Elkartze hura ez zen oso naturala, eta 1974an, erreferendum bidez, uhartedi bakoitzak bere administrazioa izatea onartu zen. Bi uhartedien banakuntza 1975eko urrian gauzatu zen. Tuvaluko lehenengo hauteskundeak 1977an egin ziren, eta Toaripi Lauti hautatu zuten Lehen ministro. 1978ko urrian, uhartediak burujabetasun osoa lortu zuen eta Tuvalu izena hartu zuen. Tuvalu hitzak, bertako hizkuntzan, “zortziak batera” esan nahi du, eta jendea bizi den estatuko zortzi uharteen ikur gisa hartu zen. Tuvalutarrak, Londrestik bereizita, Australiaren eragin eremuaren barruan geratu ziren. 1981eko abenduan, Tomasi Puapua-k hartu zuen Lautiren lekua. 1985eko irailean, hauteskundeak egin ziren hirugarren aldiz, eta Puapua hautatu zuten berriro. 1986ko otsailean, gobernuak bere desadostasuna agertu zuen Frantziak Mururoan (Polinesia) egin behar zituen saio nuklearren aurrean. Tuvaluko dibisa iturri nagusietako bat zigiluen salmenta da, eta, arrantza baimenen truke, 100.000 dolar baino gehiago irabazten ditu urtean estatuak. Nazio Batuen txosten baten arabera, Lurraren eguratsaren berotzea dela-eta, Tuvaluko uharteek itsasoaren azpian geratzeko arriskua dute, baldin eta berandu baino lehen hori eragozteko neurriak hartzen ez badira. Uharteko baliabide naturalak hain urriak izanik, eta aurrezki eta inbertsiorako barne iturririk ezean, Tuvalu kanpoko laguntza hartu beharrean dago (Australiakoa hartzen du batez ere) bere aurrekontua finantzatzeko. 1989an, estatuak bere gastuaren % 10 estali zuen; diru iturri nagusia uhartetik kanpo bizi diren tuvalutarrek bidalitakoa izan zen. Izan ere, biztanleen laurden bat inguruko uharteetan bizi da, fosfato meatokietan lan eginez. 1989an, Legebiltzarrerako hauteskundeak egin ziren (12 kide). 1990eko urrian, Taripi Lauti gobernadore nagusi izendatu zuten. 1990ean, zikloi batek eraso zuen, eta zuhaitzak eta etxebizitzak eraitsi zituen, Vaitupu atoloikoak batez ere; 360 familia etxebizitzarik gabe geratu ziren Vaitupun. Azkeneko urteetan, uhartediko egoera ekonomikoak okerrera egin du: emigranteak itzuli ahala hezkuntza formala amaitu berri dutenekin lehiatu behar dute lana lortzeko. Bigarren mailako hezkuntza bukatu duten % 30k baino ez du enplegua lortzen. 1993an, Kamuta Laatasi izendatu zuten Lehen Ministro. 1994an, haren gobernuak kargutik kendu zuen gobernadore nagusia, Tomu Sione, antzinako erregimeneko pertsona zela argudiatuz. Sioneren ordez Tulaga Manuella izendatu zuten. 1995eko urrian, Independentzia egunaren ospakizunetan, bandera berri bat igo zuten, britainiarren Union Jack-en ordez. 1996an, beste Lehen ministro batek, Bikenibeu Paeniu-k, ofizialtasuna eman zion berriro britainiar banderari. 1997ko ekainean, Kelly zikloiak Niulakita uharteko etxebizitzak suntsitu zituen. Garai hartan, Paeniuren gobernuaren zeregin nagusia Nuaruko fosfato hobiak agortuta lanik gabe geratu ziren 1.000 herritarrentzat lana bilatzea zen. Tuvalu ur azpian desagertzeko zorian dago, aldaketa klimatikoaren ondorioz, eta Lehen Ministroak erantzukizunak eskatu dizkio NBEari eta herrialde kutsatzaileei. Hori dela eta, biztanle guztiak Zeelanda Berrira eramateko asmoa eztabaidatzen ari dira. Bestalde, .tv interneteko domeinua Estatu Batuetako enpresa bati saldu izanak sekulako dirutza eman dio gobernuari.
http://www.tuvaluislands.com/