Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Truffaut, François

Frantses zinemagilea (Paris, 1932 - Neuilly-sur-Seine, 1984). Zinema kritikak idatzi zituen Cahiers du cinéma eta Arts aldizkarietan eta polemika handia sortu zuen, frantses zinemari zaharkitua iritzirik, zinema berri baten alde egiteagatik. Nouvelle Vage higikundeko kide eta bultzatzaileetako bat izan zen. Film labur batzuk egin ondoren, lehen film luzea egin zuen, Les 400 Coups, (1959, 400 kolpeak), haur oinazetu baten historia autobiografikoa kontatzen duena eta arrakasta handia izan zuena. Beste lau film egin zituen Antoine Doinel film horretako pertsonaia nagusiarekin (Jean-Pierre Léaud-ek antzeztua): L’Amour à vingt ans (1962), Baisers volés (1968), Domicile conjugal (1970), L’amour en fuite (1979). Kritikari zenean gaitzetsitako zinema mota egin zuen Truffaut-ek: konbentzioetan oinarritua, kontaketa bizikoa eta pertsonaiei garrantzi handia ematen diena. Haren filmak oro har bi sailetan bana daitezke: berak idatzitako historiak oinarri dituzten filmak eta literatura lanetan oinarrituak, komertzialagoak; aurreneko sailekoak ditu aipatutakoez gainera: La peau douce (1964), L’enfant sauvage (1970), La nuit américaine (1973), atzerriko film onenaren Oscar saria jaso zuena, L’histoire d’Adèle H. (1975), L’argent de poche (1976), L’homme que aimait les femmes (1977), Le dernier métro (1980), La femme d’à côté (1981). Bigarrenekoak, berriz: Tirez sur le pianiste (1960), Jules et Jim (1961), Fahrenheit 451 (1966), La mariée était en noir (1967), La sirène du Mississippi (1969), Les deux anglaises et le continent (1971), Une belle fille comme moi (1972), La chambre verte (1978), Vivement dimanche! (1983). Bi liburu ditu, besteak beste, aipagarri: Les films de ma vie (1975), artikulu bilduma, eta Le cinéma selon Hitchcock, zinemagile horrekin egindako elkarrizketa luzea.