Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Trovoada, Miguel

Saotometar politikari eta legelaria (1927). Sao Tome eta Printzeko lehendakaria 1991-2001 urteetan. Sao Tome Portugalen mendean izan zen garaian erregimenaren esetsaldia pairatu zuen burujabetzaren alde egiteagatik. 1972an Sao Tome eta Printzeren Askapenerako Higikundea sortu zuen, Manuel Pinto da Costarekin batera. 1975ean, Sao Tomek burujabetza lortu zuenean, Da Costak hainbat kargu eman zizkion: Lehen ministro, Defentsa eta Kanpo Arazoetako ministro, Ekonomia eta Turismo ministro (1975-1978), eta Merkataritza, Industria eta Arrantza ministro (1978-1979). 1979an atxilo hartu eta kartzelan sartu zuten, Da Costaren aurka estatu kolpea egiten saiatzeaz akusaturik. Babes politikoa eskatu zuen Portugalen, baina ez zioten eman, eta Nazio Batuen egoitzan babestu zen, Sao Tomeko hiruburuan. Gudarosteak Nazio Batuen egoitzan bertan atxilotu zuen. 1981. urtea arte izan zen kartzelan, eta 1991. urtea arte, Sao Tomeko lehenengo hauteskunde demokratikoak egin ziren arte, ez zuen berriro kargu politikorik izan. Hautagai independente gisa aurkeztu zuen bere burua hauteskundeetara, eta berak irabazi zituen, bere lehiakideak erretiratu egin zirelako, Trovoadak iruzur egin zuelakoan. 1994an, Sao Tomeko krisi politiko eta ekonomiko larria zela eta, Trovoadak gobernu osoa kargua uztera behartu zuen, Legebiltzarra desegin zuen eta legegintzarako hauteskundeak deitu zituen. Bien bitartean beste gobernu bat eratu zuen, oposizioko alderdiek "antidemokratikotzat" jo zutena. Hauteskundeetan lehengo alderdia –burujabetza lortu zenetik 1991 arte aginpidea izan zuen Sao Tome eta Printzeren Askapenareko Higikundea, alderdi sozialdemokrata– atera zen garaile. Alderdi horrek beste Lehen ministro bat izendatu zuen, eta lehendakariarekiko harreman gaiztoak –Trovoadak beste alderdi baten alde egin baitzuen hauteskundeetan– krisi sakona ireki zuen buruzagi politikoen artean. Horrek, eta militarren eta polizien arteko arazoek, langabeziak, eta prezioen gorakadak estatu kolpea ematera bultzatu zituen militar gazte batzuk 1995eko abuztuan. Lehendakaria Gudarostearen kuartel nagusiko espetxean eduki zuten harik eta handik egun gutxira ordena konstituzionala berriro ezartzea onartu zuten arte, Trovoadaren lehendakaritzapean, kolpe militarraren egileak aske uzteko baldintzarekin.