Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Trenet, Charles

Frantses abeslaria, musikagilea eta poeta (Narbona, 1913 - Créteil, 2001). Bigarren mailako ikasketak Perpinyàn egin zituen, eta Berlingo (1928) eta Parisko (1930) arte eskoletan ikasi zuen. Dekorazio arteetan lan egitea zen Treneten asmoa. Joinvilleko zinema estudioetan hasi zen lanean margolari gisa, eta aldi berean, abestiak idazten zituen. Johnny Hessekin bikote bat osatu zuen eta 1936. urtea arte aritu ziren elkarrekin; urte horretan Trenet soldadutzara joan zen. Bitarte horretan abestiak idazten jarraitu zuen, horien artean "Y'a d'la joie" ospetsua. Abesti horrek izugarrizko bultzada eman zion Treneten karrerari eta Maurice Chevalierren laguntzaz debuta egin zuen Parisko kasinoan. 1938an sari bat eman zioten "Boum" abestiarengatik. Bere abesti askok poesia surrealistaren kutsua dute eta munduaren bere ikuspegia erakusteko bidea dira. Bere ospeak mugak gainditu zituen; horren erakusgarri, "La mer" (1945) abestia Tokio irratiko sintonia gisa erabili izana. Milaka abesti eta eleberri ugari idatzi zituen, eta pinturan ere aritu zen. 1979an Arte eta Letretako Sari Nazionala lortu zuen.