Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Torner, Gustavo

Espainiar pintore eta eskultorea (Cuenca, 1925). Baso ingeniaritzako ikasketak egin zituen eta alor horretan lanean aritu zen zenbait urtez, harik eta 1965ean pintura eta eskulturatik bizitzea erabaki zuen arte. Ingeniari gisa Teruelen izan ondoren, 1951n Cuencara joan zen bizitzera. 1963-1966 bitartean, Zóbel eta Gerardo Ruedarekin batera, Espainiako Arte Abstraktuaren Museoa sortzen eta prestatzen aritu zen Cuencan. Obra figuratiboa egin zuen hasieran, baina 1960tik aurrera irudi kontrajarriak eta kontzeptualak agertzen hasi zen. Aldi berean, euskarri gisa, oihalaren ordez zura eta inoiz metala ere erabiltzen hasi zen. Gero, eskultura monumentalak egiten hasi zen, eta collageak, baina azkeneko urteetan berriro itzuli da pinturara, abstrakzioaren, konstruktibismoaren eta mininal art-en ildotik. Bere obran sentimendua analisi formalaren mende dago, eta baita dena argitzen eta aseptikoki antolatzen duen asmamen zorrotz baten mende ere. Pintura eta eskultura lanez gainera, aipagarria du, baita ere, antzerki obretarako egindako lana, dekorazioa eta irudiak bereziki. Bere ardura izan da, baita ere, Madrilgo Prado Museoko zenbait aretoren berrikuntza, eta Loewe etxearen denden diseinua. 1979. urtetik aurrera berak antolatu ditu Madrilgo Juan March Fundazioaren erakusketak. 1987an Espainiako gobernuak Arte Ederretako Merituaren Urrezko Domina eman zion. Bere obra, hala eskulturak nola pinturak, munduko museo onenetan aurki daiteke, Madrilgo Reina Sofian, Londresko Tate Galleryn, Tokioko Western Art Musuemen, eta San Frantziskoko Achenbach Foundation for Graphic Artsen, besteak beste.