Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Tolstoi, Leo Nikolaievitx

Errusiar eleberrigilea, dramagilea eta pentsalaria (Iasnaïa Poliana, 1828 - Astapovo, 1910). Errusiako antzinako nobleziaren familia batean sortu zen eta haurra zela umezurtz geraturik, izebak arduratu ziren haren eta lau anaien heziketaz, egiteko hartan atzerriko maisuak esku hartu zutelarik. 1844an Kazango unibertsitatean ikasten hasi zen, baina diplomarik lortu gabe ikasketak bertan behera utzirik, Iasnaïa Polianako etxaldera itzuli zen. 1851n, bere bizitzari zentzua eman nahirik, hiru urtez aritu zen Kaukasoko gerran. v Lehen obrak. Lehen idazkiekin arrakasta handia lortu zuen: Detstvo (1852, Haurtzaroa); Otrochestvo (1854, Nerabe aroa); Junost (1857, Gaztaroa) narrazio autobiografikoak; Sebastopolkiie rasskazi (1855-1856, Sebastopoleko kontakizunak) gerraren inguruko narrazioen bilduma. 1856an armada utzi zuen eta bi urtez Europan zehar ibili zen (Frantzia, Suitza, Italia, Alemania); bidaia horietan jende asko ezagutu zuen (P. J. Prudhon, A. Herzen, Ch. Dickens). Europako burgesiaren materialismoa eta egoismoa salatu zituen Ljucern (1857-1858, Luzerna) idazki autobiografikoan. 1860. urtean bere etxaldera biltzea erabaki ondoren eta nekazarien egoeraz kezkaturik, jopuen seme-alaben hezketaz arduraturik eskola bat eta aldizkari pedagokiko bat sortu zituen (1862). Gaztetan irakurriak zituen J. J. Rousseau-ren idazkien eraginpean, zibilizazio usteletik urrun naturarekin bat egiten duen bizitza kantatzeari ekin zion 1863an argitaratu zuen kontakizun bilduman: Kazaki (Kosakoak). 1862an Sofia Andreievna Bers-ekin ezkondu zen; harekin hamahiru seme-alaba izan zituen; haietarik bost oso gazterik hil ziren. v Obra nagusiak. Zazpi urteko lanaren ondoren (1863-1869) Napoleonen aurkako gerren garaian (1805, 1815) girotutako Voina i mir (Gerra eta bakea) eleberria egin zuen. Mendebaleko eleberriaren historian gailenetarikoa den honetan frantses inbasioa jasan zuten pertsona askoren bizipenak eta analisi psikologiko xeheak bildu zituen gizarte egoerari buruzko oharpenekin batera. Gero, 1873tik 1877ra Ana Karenina idatzi zuen, autorearen bigarren obra nagusia. Eleberri konplexua da: kontatzen den adulterioa, ezinbestean, tragediaz amaitzen da gizartearen hipokresia morala dela eta. v Azken garaia. Bi eleberriok mundu osoan ezagutarazi zuten Tolstoi. Anna Karenina idazterakoan Ispoved (1882, Aitorpena) obran azalduriko krisi espiritual sakona bizi izan zuen. Ateismoa utzi eta sinesmenera bihurtu zen halako kristautasun ebanjeliko berezia bere egiten zuelarik, halako moldez non gobernu edo eliza antolatu ororen agintea eta jabetza pribatua ukatzen zituen. Ebanjelioa izadiaz gaindiko elementuez gabetzen zuen, elkarrenganako maitasuna eta bortxarik ez erabiltzea aldarrikatzeaz batera. 1901ean Errusiako Eliza Ortodoxoak eskumikatu zuen. Bere ideiak azaltzearren saiakerak –V chom moia vera? (1884, Zein da nire sinestea?); Chto takoie istusstvo (1898, Zer da artea?)– eta obra dramatikoak –Vlast tmi (1898, Ilunpeen indarra); Plodi prosveshchenia (1889, Heziketaren fruituak)– idazteari ekin zion. Nolanahi ere den, autorearen jeinua eleberri laburren sailean nabarmendu zen gehienbat: Smert Ivana Ilicha (1886, Ivan Ilitxen heriotza); Kreitserova sonata (1889, Kreutzer Sonata); Joziiain i rabotnik (1895, Nagusi eta morroi). 1899an hirugarren eleberri luzea argitaratu zuen, Voskreseniie (Berpiztea); hartan noble baten eta prostituta baten arteko harremanak kontatzen ditu. Hondar urteetan, halaber, kontakizun nabarmenak egin zituen, hala nola Otets Sergiy (1890-1898, Aita Sergio) edo Hadzhi-Murat (1896-1904). Urte horietan munduko alde guztietatik zetorren jendea Iasnaia Poliana-ra, idazlearen nortasunak eta ideiek erakarrita. Nekazari lanetan ari ohi zen eta, bere printzipioei leial eusteko, argitaratutako obrengatik ez zuen etekin ekonomikorik nahi. Emazteak ez zituen ez senarraren ideiak ez eta dizipuluak onartzen eta bien arteko gatazkak etengabeak ziren. Bizitzaren azkeneko hamar urteetan Tolstoiren ospea handia zen Errusian eta mundu osoan. Egoera horri ihes egin nahirik, 82 urteko zela 1910eko urriaren 28an etxetik alde egin zuen eta hamar egun geroago Astapovoko geltokian hil zen.