Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Tolstoi, Aleksei Nikolaievitx

Errusiar idazlea (Nikolaievsk, 1883 - Mosku, 1945). Eleberriak eta ipuinak idatzi zituen, batez ere. Konde baten semea zen, eta Leo Tolstoi XIX. mendeko eleberrigilearen familiakoa. Ingeniaritza ikasketak egin zituen San Petersburgoko unibertsitatean. Boltxevikeen iraultza garaian Zurien aldekoa izan zen, eta Gerra Zibila amaitzean Europako mendebalera atzerriratu zen (1919-1923). 1923an Errusiara itzuli zen, eta han geratu zen bizitzen. Ipuin kontalari trebea zen eta era askotako lanak idatzi zituen, denbora pasakoak asko. Lan ezagunenak hauek dira: Detstvo Nikity (1921, Nikitaren haurtzaroa), beste bi libururekin batera bere haurtzaroko eta gaztaroko autobiografia biltzen duena; Sestry (1920-1921, Ahizpak), Vosemnadtsaty god (1927-1928, 1918. urtea) eta Khmuroe utro (1940-1941, Goiz iluna) trilogia; Pyotr I (1929-1945, Petri Lehena) historia eleberri amaitugabea, eta Ivan Izugarria (1943) antzerkia.