Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Tippett, sir Michael

Britainiar musikagilea (Londres, 1905 - Londres, 1998). Londresko Royal College of Music-en egin zituen ikasketak, eta han Berpizkundeko polifonia eta Beethovenen lana aztertu zituen. Azken musikagile horren lana eredu bihurtu zen Tippett-entzat, eta hortik abiatuta egin zituen lehenengo lanak, esate baterako harizko orkestra bikoitzerako kontzertua (1938-1939). Pedagogiak (Jung-en eragina) eta politikak (Trotskiren pentsamenduak eragina) erakarrita, hainbat kargu bete zituen Morley College-n 1933-1951 urteen bitartean. Bigarren Mundu Gerran bakezale aurkeztu zuen bere burua (espetxeratu egin zuten kontzientzia eragozpenagatik). Lirismo bortitza da bere lanen ezaugarri nagusia (A Child of Our Time, oratorioa, bakarlari, abesbatza eta orkestrarako, 1939-1941; Harizko laukotea, 1941-1942; Lehenengo sinfonia, 1944-1945). 1946-1952 bitartean bere lehenengo opera egin zuen, The Midsummer Marriage. King Priam (1958-1961) bigarren operan, Tippett-ek tonalitatea baztertzen zuen eta doinu unibertso oparo eta indartsu baterantz egin zuen. Joera berri hori nabarmen ikusten da Orkestrako kontzertuan (1962-1963) eta The Vision of Saint Augustine oratorioan (1963-1965). Azken partiturek aurreko estilo horien guztien sintesi moduko bat proposatzen dute: The Knot Garden opera (1966-1969), Hirugarren sinfonia (1970-1972), The Ice Break (1973-1976) opera, laugarren sinfonia (1976-1977), New Year opera (1988).