Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Tikal

Guatemalako maien hiri garrantzitsuena. Petengo departamenduaren ipar-mendebalean dago, oihan trinko baten erdian. K.a. 300-900 urte bitartean izan zuen oparotasun handiena. Urte horietan eraiki ziren hiriko jauregi eta piramide gehienak, maia kulturak eta arteak maila gorena lortu zuten garaian, hain zuzen. Merkataritza harreman estuak izan bide zituen Mexikoko Teotihuacango hiriarekin, eta VII-VIII. mendeetan oso hiri oparoa zen, baina 800. urtean edo gainbehera hasi zen. X. mendean, maia kulturako beste herri asko legez, hiria hutsik geratu zen eta oihanak estali zuen XX. mendean aurkitu zuten arte. Elkarren ondoan eraikitako tenpluek, jauregiek eta etxebizitzek 2 km2-ko hiria osatzen dute, eta inguruan ere garai hartako etxebizitzak daude barreiatuak. 10.000 lagun inguru bizi ziren erdialdean eta 50.000 lagunetik gora hirialdean. Monumentuen artean aipagarriak dira bost tenplu-piramide (70 m-ko garaiera du handienak), hiru akropoli eta jauregiak. Xafla bat aurkitu da hirian, bestalde, maien data zaharrena idatzia duena (K.a. 320 inguru).