Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Tiepolo, Gianbattista

Italiar margolaria (Venezia, 1696 - Madril, 1770). Lehen koadroek argi-iluneko estilotik rococorako joera erakusten dute; joera horretakoak dira Udineko katedraleko eta artzapezpikuen jauregiko freskoak. Hurrengo urteetan gai erlijiosoetan eta mitologikoetan oinarrituriko fresko handiak margotu zituen: Manako uzta, Jupiter eta Danae, Antonio eta Kleopatraren historia (Veneziako Labbia jauregian, 1747-1750). 1750-1753 urteetan, Giandomenico eta Lorenzo semeekin batera, Würzburg-eko (Bavaria) Residenz jauregiko areto nagusia dekoratu zuen Frederiko I.a enperadorearen aginduz. Veneziara itzuli zenean Akademiako lehen lehendakari izendatu zuten. 1761. urtean, Espainiako Karlos III.ak deituta, Madrila abiatu zen Errege Jauregia dekoratzera, baina espainiar gortean, molde neoklasikoen jarraitzaile izaki, gogo txarrez hartu zituzten Tiepoloren koadroak. Azken urteetan Aranjuezko San Ildefonso jauregian lan egin zuen.