Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Ter-Petrosian, Levon

Siriar politikari eta filologoa (1945). Ikasketak Erevan-en (Armenia), egin zituen eta ondoren San Petesburgora joan zen doktoregoa egitera. Ter-Petrosianek hamar hizkuntza dakizki. Siriar patristikako eta Armeniako erlijio literaturako eskolak eman zituen Echmiadzineko seminarioan.1966an sobietar gulag batean atxilotu zuten. Karabakh higikundea sortu zuen, lurralde hori Armeniako errepublikara lotzea eskatzen zuena, izan ere, bertako biztanleen % 80 armeniarrak baitziren. Karabakh higikundeko kide zela espetxeratu egin zuten 1988an, batzordeko gainerako kideekin batera. Sei hilabete igaro zituen espetxean. Denbora horretan hiru greba orokor izan ziren Armenian. Armeniako Higikunde nazionaleko zuzendaritza batzordeko presidente zela, diputatu hautatu zuten Herriaren Diputatuen Biltzarren sobietar hauteskundeetan (1989). 1990an hasi ziren armeniarren eta azerien arteko borrokak Nagorno-Karabakh eskualde autonomoa kontrolatzeko. 1990ean Sobiet Gorenak Ganberako presidente hautatu zuen Ter-Petrosian. 1991ean SESBen izan zen estatu kolpe saioaren ondoren, armeniarren % 99k burujabetasunaren alde eman zuen botoa, eta Errepublikako Legebiltzarrak, Ter-Petrosian buru zela, burujabetasuna aldarrikatu zuen. Bera izan zen Armeniako lehen lehendakaria. 1998an oposizioak dimisioa ematera behartu zuten.