Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Tello Ia

(Don Tello deitua). Bizkaiko XXIII. jauna 1353-1358 eta 1366-1370 bitartean (Gaztela, 1334 - Medellin, Estremadura, 1370). Alfontso XI.a Gaztelako erregearen sasiko semea zen. Henrike Trastamarakoa anaiaren alde borrokatu zen Petri I.a Gaztelako errege eta anaiordearen aurka. 1353an Joana Larakoa Bizkaiko andrearekin ezkondu zen eta Bizkaiko jaun titulua ere eman zioten, lurralde hartako foruak errespetatuko zituela zin egin ondoan. Bitartean, Petri I.ak Bizkaiko jaurerria agindu zion Aragoiko erregeari, anaiordeen aurkako gerran laguntzen bazion. 1354an Petri I.ari jazarri zitzaizkion Henrike Trastamarakoa eta Tello, baina, garaipen txiki batzuen ondoan, ihes egin behar izan zuten. Tello Bizkaian babestu zen, eta Petri I.ak lurralde haren konkista prestatu zuen. 1355ean batu ziren bizkaitar guztiak eta Gaztelako erregearen gudarostearen aurka borrokatu ziren Gordexolan eta Otxandion. Gerra hura amaitzeko, Gaztelako erregearekin negoziatu zuten ondoren bizkaitar buruzagiek eta bakea hitzartu zuten, Tello-k Gaztelako erregea bakean uzten zuen neurrian. 1358an berriro eraso zion Tellok Petri I.ari, eta Bizkaian sartu zen Gaztelako gudarostea. Laguntzarik ez zuela, Tellok Baionara egin zuen ihes; jaun titulua kendu zioten bizkaitarrek, eta Gaztelako erregearen eskuetan utzi zuten. Petri I.ak Telloren emaztea eta koinatuak hilarazi zituen Bilbon. Baionan egon ondoren, Aragoira jo zuen Tellok. 1366an hil zuten Gaztelako erregea, eta Tello Bizkaira itzuli eta jaun egin zuten berriro. 1367an Naxerako guduan parte hartu zuen dagoeneko Gaztelako erregea zen anaiaren alde, baina Henrike Trastamarakoaren arerioak nagusitu ziren, eta 1370ean hil zen Portugalgo erregearen aurkako kanpaina batean ari zela. Ondorengorik gabe hil zelarik, 1371n Joan printzea egin zen Bizkaiko jaun.