Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Telemann, Georg Philipp

Alemaniar musikagilea eta organista (Magdeburgo, 1681 - Hanburgo, 1767). Musika bere kasa ikasi zuen partiturak aztertuz, J.B. Lully eta A. Camprarenak batez ere. 1701. urtean zuzenbidea ikasten hasi zen Leipzig-eko unibertsitatean, baina laster utzi zituen ikasketa horiek eta musika egiten hasi zen. 1704. urtean Leipzig-eko unibertsitateko elizako organista izendatu zuten, eta bere kideekin batera, Telemann-Verein izeneko collegium musicum edo ikasleen musika taldea sortu zuen. 1708-1712. urteetan Eisenach-eko kapera maisu izan zen; 1712-1721. urteetan Frankfurt-ekoa, eta 1721-1767. urteetan Hanburgokoa. 1728. urtean Alemaniako lehen musika aldizkaria sortu zuen, Getreue Musikmeister. G.F. Haendel-en eta J.B. Bach-en adiskidea izan zen, alemaniar, italiar eta frantses estiloak bildu zituen bere lanetan; poloniar eta ingeles musikagileen eragina ere izan zuen. Oso musikagile emankorra izan zen. 40 opera idatzi zituen, aipagarrienak: Sokrates egonarritsua (1721) eta Pimpinone, (1725); berrogeita lau pasio; hamabi kantata sorta oso, urteko igande eta jai egun guztietarako; oratorioak eta kantatak, aipagarrienak: Jesusen heriotza (1755); Israel askatua (1759); Mesias (1759); Eguneko orduak (1759); Pizkundea eta Igokundea (1760); Epaiketaren eguna (1762); hamabi hileta, besteak beste.