Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Taylor, James

Estatubatuar kantaria (Boston, 1948). 1970eko hamarraldiaren hasierako folk-rock musikaren ordezkari aipagarrienetako bat. Musikari familia batean hazi eta hezia, The Flying Corsayers taldea sortu zuen anaia Alexekin gaztetan. Gero, 1966an, The King Bees taldeko kide izan zen. 1968an disko bat plazaratu zuen Apple Records etxearekin, Paul McCartney ezagutu ondoren, eta 1970ean, Carole Kingen babespean, Sweet Baby James grabatu zuen. Azkeneko disko horrek arrakasta handia izan zuen eta musikari ezagun bihurtu zuen mundu osoan. Gero, baina, heroinarako atxikimenduak eta maizko depresioek eten egin zuten bere karrera, eta dena bertan behera utzi eta erietxean egon behar izan zuen denboraldi batez. 1971n Mud Slide Slim And The Blue Horizon diskoa Estatu Batuetako eta Britainia Handiko disko salduenen zerrendako bigarren eta laugarren lekura iritsi zen hurrenez hurren. Urtebete geroago, 1972an, Carly Simon abeslariarekin ezkondu zen, eta Mockingbird singlea grabatu zuen harekin batera 1974an. 1975ean Gorilla plazaratu zuen, eta 1976an CBS disko etxearentzat grabatzen hasi zen. 1978an Grammy saria irabazi zuen "Handy Man" abestiarengatik, eta urtebete geroago Flag diskoa argitaratu zuen. Laurogeiko hamarraldian gutxiago grabatu zuen, baina That's Why I'm Here (1985) eta Never Die Young (1988) bezalako ekarpen gogoangarriak egin zituen. 1991n New Monn Shine grabatu zuen eta 1992an kontzertu bat, zuzenean, Live izenburupean argitaratua hurrengo urtean.