Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Tapia, Joseba

Gipuzkoar soinu jotzaile eta musikagilea (Lasarte-Oria, 1964). Zazpi urte zituela hasi zen soinu handia jotzen, eta hamabost bete arte Mikel Bikondoa irakaslearekin ikasi zuen. Prestakuntza hori egin ondoren hasi zen soinu txikia ikasten bere osaba batekin, eta 1986 eta 1987. urteetako Trikiti Pieza Berrien Txapelketak irabazi zituen. 1982tik 1987ra trikiti, pandero eta solfeo eskolak eman zituen Hernaniko Kontserbatorioan. Xabier Berasaluze "Leturia" pandero jotzailearekin bikote modura hasi eta lau disko kaleratu zituzten: Juergasmoan (1990), Dultzemeneoa (1994), Jo ta hautsi (1995) eta Tapiatarren trikitia (1995). Bikotea talde bihurtuta, Tapia eta Leturia Band gisa, taldearen izen bera zuen diskoa (1995) eta Ero (1997) lanak kaleratu zituzten. Beste talde batzuetan ere aritua da Tapia, esate baterako Zaldibobo eta Hiru Trukun. Horrekin batera trikitiaren errepertorio zaharra biltzen duen 1988 disko bikoitza, Koldo Izagirre idazlearekin batera poesia eta trikitia uztartu zituen Apoaren edertasuna (1998) lana eta, Xabier Amurizarekin batera, Bizkaiko Kopla Zaharrak (1999) diskoak kaleratu ditu. 1999koa da, halaber, Québec, hamalau kantu independentziarako diskoa. Azken aldian, Tapia eta Leturia Quartet taldearekin dihardute Tapiak eta Leturiak, Arkaitz Miner (biolina, gitarra eta mandolina) eta Patxi Perez dantzariarekin batera. Joseba Tapia musikari askorekin aritu da azken urteotan elkarlanean.