Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Tansman, Alexander

Frantses musikagilea, orkestra zuzendaria eta piano jotzailea, jatorriz poloniarra (Lodz, Polonia, 1897 - 1989). Garrantzi handiko lana egin zuen musika politonalaren teknikaren sorreran. Ikasketak Varsoviako unibertsitatean egin zituen. Poloniako konposizioko lehenengo eta bigarren sariak eman zizkioten. Parisa joan zen bizitzera, eta bertako musika giroan sartu zen berehala. 1937an frantses hiritartasuna hartu zuen. Bigarren Mundu Gerran Estatu Batuetan bizi izan zen eta 1946an Frantziara itzuli zen. Piano jotzaile eta orkestra zuzendari gisa hainbat bira egin zituen Austria, Japonia eta Estatu Batuetan zehar. Lehenengo lanetan intimitate sakontasuna nabarmena bada ere, Parisa joan zenetik era sinfonikoa hautatu zuen, eta neoklasizismoaren eragin nabarmena izan zuen. Europako musika giroarekin harremana izan zuen garaian, Stravinskiren estetika modan zegoen. Azken musikagile horri jarraituz, zenbait lan egin zituen, hala nola, Sinfonia do minorren. Ravelen eragina era antzematen da Tansmanen lanetan. Bere lanetan dantzarik ez dago, baina erritmo ternarioa behin eta berriro agertzen da; hala gertatzen da, esate baterako, Hogei pieza erraz poloniar herri melodiaz. Herri erritmoak ere erabili zituen Sonatina txirularako, Bost impromptusak eta Bigarren laukotea lanetan. Lan ugari egin zituen Tansmanek, besteak bete, zazpi sinfonia, zazpi opera (Gau kurdua, 1925-1927) eta balletak (Hiri handia, 1932).