Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Tabarly, Ëric

Frantses itsasgizona (Nantes, 1931 - Irlandako itsasoan desagertua, 1998). Itsas Eskolan ingeniari ikasketak egin zituen eta teniente izan zen itsas armadan (1966). 1964-1971 urteen bitartean Gazteria eta Kirolen ministro izan zen. 1982an fragatako kapitain izendatu zuten, 1988an itsasontziko kapitain eta 1990ean Itsas Akademian sartu zen. Hainbat bidaia egin zituen Pen Duick ontziarekin; horien artean aipagarria da Plymouth-Newport bidea, hogeita zazpi egunetan bakar-bakarrik egin zuena. 1976an bide hori bera hogeita hiru egunetan egin zuen. Ozeano Barea zeharkatzeko bidaian txapeldun izan zen 1969an, eta Los Angeles-Tahiti bidaian ere garaile izan zen 1972an. Munduko birako lehiaketan parte hartu zuen 1974an. 1968an trimaran bat eraiki zuen: Pen Duick IV. 1980an lastertasun errekorra eskuratu zuen, hamar egun eta hamalau minututan zeharkatu baitzuen Atlantikoa. Itsasoan egin zituen bidaietan oinarrituta hainbat lan idatzi zituen: Victoire en solitaire (1964, Bakarkako garaipena), De Pen Duick en Pen Duick (1970), Du Tour du monde à la Transat (1976, Munduko biratik Transt-era), Histoire d’un record ou l’Atlantique en 10 jours (1981, Errekor baten historioa edo Atlantikoa 10 egunetan) eta Pen Duick (1990).