Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Swift, Jonathan

Irlandar idazlea (Dublin, 1667 - Dublin, 1745). Dublingo Kilkenny School-en eta Trinity College-n egin zituen ikasketak. 1691tik 1699ra Sir William Temple-ren idazkaria izan zen; haren etxean ezagutu zuen Esther Johnson, “Stella”, hartaz maitemindu zen eta eragin handia izan zuen bere bizitzan, eta hari eskainitako liburu bat ere idatzi zuen: Journal to Stella (1766-1768, Stellarentzako egunkaria). 1694an apaiz anglikano egin zen eta 1695ean Irlandako Kilrott parrokiara bidali zuten. Londresen bizi izan zen luzaroan eta eztabaida sutsuak eragin zituen garai hartako politikan, erlijioan eta literaturan. Whig higikunde politikoaren alde jardun zuen hasieran, baina gero Tory alderdiko diputatu izan zen. 1714an Irlandara itzuli zen eta han bizi izan zen hil arte. Harremanak izan zituen Esther Vanhomrigh “Vanessa”-rekin; elkarren arteko gutunak 1921ean argitaratu ziren. Irlandarren alde borrokatu zen, gogor kritikatu zuen britainiar gobernuaren bidegabekeria, eta irlandarrek nazio heroitzat goraipatu zuten. Azken urteetan osasuna galdu zuen: misantropiak jota zegoen, oroimena galdu zuen eta azkenerako erotu egin zen. v Idazlanak. An Account of the Battle Between the Ancient and Modern Books (1704, Liburu zaharren eta modernoen arteko gatazka), idazle klasikoen eta modernoen arteko eztabaidan, klasikoen alde agertzen zena; A Tale of a Tub (1704, Kupela baten historia), erlijioaren ustelkeriari buruzko satira; Description of the Morning (1710, Goizaren deskribapena) eta A Description of a City Shower (1710, Hiriko euri jasaren deskribapena), olerki satirikoak; Argument Against Abolishing Christianity (1708, Kristautasuna ezeztatzearen aurkako argudioa), Whig higikundearen aurkakoa; The Conduct of Allies (1711, Aliatuen jokabidea); Drapier’s Letters (1724, Oihalgilearen gutunak), panfleto sutsua; Gulliver’s Travels (1726, Gulliverren Bidaiak, Iñaki Mendigurenek euskarara itzulia); azken horiizarte zibilizatuaren aurkako satira gogor eta garratza da, bere libururik ezagunena eta garai hartan arrakasta handia izan zuena, bidaia eta abenturetako eleberrien moldean idatzia, eta bere nihilismo bortitzagatik haur literaturan klasiko bihurtu den maisu lana. A Modest Proposal for Preventing the Children of Poor People en Ireland from Being a Burden To Their Parents or Country (1729, Proposamen xumea Irlandako behartsuen seme-alabak gurasoen edo herrialdearen bizkar bizi ez daitezen), Irlandako pobrezia salatzeko haur behartsuak aberatsen janari gisa baliatzea ekonomialari baten hizkeran proposatzen zuen satira; Verses on the Death of Dr. Swift (1731, Swifth doktorearen heriotzari buruzko olerkiak).