Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

swahili

edo kiswahili. iz. Tanzaniako bantu hizkuntza, Ekialdeko Afrikan harremanetarako hizkuntza gisa erabiltzen dena. Tanzaniako hizkuntza ofiziala da, eta Keniako bigarrena ingelesaren ondoren. Lau multzo handi bereizten dira hiztunen artean: swahili ama hizkuntza dutenak, milioi batetik behera (Zantzibar, Pemba eta Mafia uharteak, Tanzaniako kostaldea eta barne aldeko zenbait herri); bigarren hizkuntza gisa eguneroko bizitzan erabiltzen dutenak, hamar miliotik gora (Tanzania eta Kenya); hizkuntza nilotikoen eremuan, trukerako normalean erabiltzen dutenak (Keniako iparraldea eta Zaireko ekialdea); aldian behin erabiltzen dutenak, harremanetarako hizkuntza bakarra izan daitekeen eskualdeetan (Hegoaldeko Somalia, Mozambikeko iparraldea, Ruanda, Burundi, Kinshasa inguruan). Merkatari arabiarrek, islamaren sorreraz geroztik bereziki, Ekialdeko Afrikan traturako erabili zuten hizkuntza izan zen. Orobat, geroko kolonializatzaileak, alemaniarrak Tanganyikan, ingelesak Kenian eta Ugandan, belgikarrak Zairen, hartaz baliatu ziren bai merkataritzarako, eta bai administraziorako zein hezkuntzarako. Hiru dialekto nagusi ditu: kimvita (Mombasa), kiamu (Lamu) eta kiunguja (Zantzibar). Azkeneko hiri mintzaira horiizan da 1930etik aurrera arautzen hasi zen standard swahiliaren edo swahili normalizatuaren oinarria.  v  Literatura. Ezagutzen den swahilizko lehen testua XVIII. mendekoa da, arabierazko karakteretan idatzia. Britainiar agintari kolonialek 1930 urteetan hizkuntzaren normalizazioa bultzatu zuten ahozko ipuinen eta europar idazleen obren itzulpena ekarri zuena. Gero eskolak barreiaturiko hizkuntza normalizatuan idatzitako obra orijinala sortzen zuten lehen egileak agertu ziren: James Mbotela, Shaaban Robert, Muhammed Saleh Farsy, Muhammed Said Abdulla. Geroztik beste idazle asko sortu dira. Literatura horrek gai eta alor anitz ukitzen ditu: polizia eleberriak, historikoak, independentziaren aldeko borrokaren ingurukoak, etab. Hizkuntzaren egoerari dagokionez, independentziak eskolaren hedapena ekarri zuen, hizkuntzaren erabilera zabalduz, lehen mailako hezkuntzan bereziki, eta etnien arteko komunikazio hizkuntzaren eginkizuna indartuz. Hala, egun nazio mailako bilkuretan, alderdien eta sindikatuen bileretan, epaitegietan eta administrazioan erabiltzen da, eta hiritarren arteko bilgunea da.