Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Suzuki, Shinichi

Japoniar pedagogoa (1898 - 1998). Izen bereko biolin ikaskuntzarako metodoaren sortzailea. Aitak harizko musika tresna japoniarrak egiten zituen, eta Japoniako biolin fabrikatzaile handiena izatera iritsi zen. Tokion lehenbizi, eta Berlinen gero, Jospeh Joachim hungariar biolin jotzaile eta irakaslearen ikasle handienetako birekin egin zituen musika ikasketak. Kuarteto bat osatu zuen bere anaietako hirurekin, baina batez ere musika irakaskuntzak eman zion ospea eta arrakasta. Biolina jotzeko irakaskuntza metodo bat osatu zuen, haur orok, adimena gorabehera, hitz egiten ikasten duen bezala musika tresna bat jotzen ere ikas dezakeelako printzipioan oinarrituta. Metodo horrek talde diziplina bultzatzen du, banakoarena bultzatu ordez eta biolinaren kasuan ez ezik, beste tresna batzuen irakaskuntzan ere erabili izan da. Gaur egun mundu osoan dago zabalduta.