Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Surtess, John

Ingeles pilotua (Tatsfield, Kent, 1934). Automobilismoko eta motoziklismoko munduko txapeldun izatera iritsi den historiako pilotu bakarra. 1950 ondorengo urteetan sidecar probetan parte hartzen hasi zen. 1956an MV Agusta etxeak kontratatu zuen eta urte hartan bertan Man uharteko Tourist Trophy ospetsua eta 500 zentimetro kubikoko munduko motoziklismo txapelketa irabazi zituen. 1957an bigarren atera ondoren, 1958, 1959 eta 1960. urteetan berriro irabazi zuen munduko tapelketa, 500 zentimetro kubikotako probetan ez ezik baita 350 zentimetro kubikoetan ere. Guztira 38 sari handi irabazi zituen (hogeita hiru 500 zentimetro kubikoko probetan eta hamabost 350ekotan). 1960an motoziklismoa utzita Formula 1eko probetan parte hartzen hasi zen. Lotus taldearekin egin zuen debuta eta Ferrari taldean aritu zen gero. Azkeneko talde horrekin munduko txapeldun atera zen 1964an. Bi urte geroago, bigarren geratu zen, Jack Brabhamen atzetik. 1969an BRM taldeak kontratatu zuen, baina berehala bere taldea sortu zuen. 1972an utzi zituen lasterketak, automobilismoan guztira sei sari handi irabazi ondoren.