Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Sumer

Ezagutzen den lehen zibilizazio gunea, Mesopotamiako hego muturrean kokatua, Tigris eta Eufrates ibaien artean, geroago Babilonia izenaz ezagutu zen lurraldean (egungo Bagdad aldetik Pertsiako golkoraino). Sumeriarra Anatolia edo Iran aldetik bide zetorren herri ez semitikoa zen; sumeriarrak Sumerrera iritsi zirenean (K.a. 3.500 inguru), beste herri ez semitiko bat (K.a. 4500-4000) eta geroago etorritako herri semitikoak bizi ziren lurralde hartan. Sumeriako zibilizazioa K.a. 2800-2600 inguruan ezarri zitzaien gainetik lehengo biztanleei eta hurrengo hamar mendeetan bere ezaugarriak gorde zituen. Zibilizazio horrek kobrearen langintza eta adreiluzko eraikuntza sartu zituen Mesopotamian, eta arkitektura moldeak –tenpluak lehenik, zigurat deituak gero– zein idazkera –piktografikoa lehenik, kuneiformea gero– asmatu zituen. Sumer hiri estatu multzo batek osatua zen. Horietako bakoitzak lurrezko harresiz inguraturiko hiria eta inguruko herriak eta alorrak hartzen zituen; hiri bakoitzak bere jainkoa zuen eta haren tenplua hirigunearen erdiko eraikuntza zen. Hasieran aginpidea hiritarren eskuetan bazegoen ere, hirien arteko etsaitasuna zela eta, erregetza garatu zen. K.a. III. milurtekoan hamabi hiri estatu ziren: Kish, Erech, Ur, Sippar, Akshak, Larak, Nippur, Adab, Umma, Lagash, Bad-tibira eta Larsa. Ehunka urtean elkarren artean borrokatu ziren nagusitasuna lortzearren. Horrenbestez, kanpoko konkistatzaileen mende geratu ziren, elamiten azpian lehenbizi (K.a. 2530 inguru-2450) eta akkadiarren esku gero (K.a. 2334-2279). Hauen agintaldia gutiarren inbasioekin amaitu zen. Gero hiri estatuek berriro burujabetza berreskuratu zuten. Ur-Nammu, Ur hiriko erregeak (K.a. 2111-2093) lurralde handia bildu zuen bere mende eta Mesopotamian aurkitu den lehen lege kodea eman zuen. Berriro lehertu ziren elkarren arteko borrokek ahuldurik, Mesopotamia osoa konkistatu zuten amorriarren esku geratu zen eta hango herriek beren herri nortasun berezia galdu zuten. Guztiarekin ere, teknologiaren eta kulturaren alorretan hainbat ekarpen bikain utzi zizkien ondorengoei: lehen garraio tresna gurpildunak eta lehen zeramika tornuak; lehen idazketa sistema (kuneiformea) eta lehen hiri estatuak.