Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

sumendi

iz. Gai goriak eta sutuak igortzen dituen edo igorri dituen mendia.  v  Sumendia lurrazaleko, beste planeta edo satelite bateko berezko irekidura edo arraildura da, barrualdean dauden solidoen edo jariakarien (gas, lurrun, laba, lapilli) irtenbidea. Sumendi baten barrualdeko egiturak hiru oinarrizko osagai ditu: tximinia, gaiak irteteko bidea; kraterra, tximiniaren kanpoaldeko irtenlekua, eta magma galdara, magma osatzen den lekua. Magma igotzen denean, presioa gutxitu egiten da eta gasak askatzen dira. Gas horiek leherketa eragiten dute, eta leherketa handiagoa edo txikiagoa izaten da presioaren arabera. Harri urtuek laba jarioa osatzen dute; labak sumenditik irteterakoan 600-1000 °C bitarteko tenperatura iristen du.  v  Lehertzean jaurtitzen dituzten gaien arabera sailkatzen dira sumendiak. Gehienetan kono forma izaten dute eta erdialdean krater handiak izaten dituzte. Laba gogortuz osatuak izaten dira. Beste batzuek, berriz, kupula forma izaten dute eta laba geruzez osatuta egoten dira. Horiek ez dute krater nagusirik izaten, arraildurez betetako malda izaten baitira. Leherketaren arabera, honela banatzen dira sumendiak: hawaiiarrak, laba isuri ugaria, eta leherketa motelak dituztenak; estromboliarrak, laba isuri txikia, baina leherketak indartsuak dituztenak; vulkaniarrak, laba isuria likatsua, eta leherketak oso indartsuak izaten dituztenak; eta pelearrak, gai solidoak jaurtikitzen dituenak, eta gai horiek gasen presioaz irteten direnak. Bestalde, egoeraren arabera ere sailkatzen dira: berriak, eta beste sumendiekin inolako zerikusirik ez dutenak; piztuak daudenak; itzaliak baina aldian behin pizten direnak; eta iraungiak, antzinatik inolako bizi arrastorik izan ez dutenak. Sumendi gehienak Ozeano Barearen eta Mediterraneoaren inguruan daude. Ezagunak dira: Mauna Loa, Popocatepetl, Mont Pelé, Cotopaxi, Hekla, Vesubio, Etna, Krakatoa eta Fuji-yama, besteak beste. Lurrazalean dauden mila bat sumendietatik, gaur egun 600 bat daude piztuta. Sumendi inguruetako lurrak oso emankorrak izaten dira, jaurtikitako errautsei esker. Horregatik herriak izaten dira sumendi inguruetan.