Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

sugandila

iz. Zool. Lazertidoen familiako hainbat narrasti mehe luzaranen izena. Suangila, sugalinda, sugelindara eta beste izenez ere ezagutzen dira. Itxuraz muskerraren antzekoak dira, neurriz, ordea, hura baino txikiagoak. Burua txikia dute, lepoa sendoa eta isatsa luze zorrotza. Gorputza zapal samarra izaten dute. Kolorean eta orbanetan alde handi samarrak izan daitezke moten arabera, baina gehienak marroixkak, berdexkak edo beltzak dira. Orbanak ere horrelakoak dituzte, kolore beltzekoek berdeak, marroikoek beltzak etab. Intsektuak jaten dituzte, batez ere. Europan, Asiako mendebalean eta Afrikako iparraldean bizi dira batez ere. v Hormetako sugandila (Podarcis muralis). 20 cm inguru luze eta kolorez marroixka dena. Hala ere, kolore finkorik ez du; tonu beltzaranak, berdexkak eta gaztaina kolorekoak ere har ditzake. Europako erdi eta hegoaldean eta Asiako mendebalean bizi da. Baratzetan, hormetan eta leku harritsuetan ibiltzen da. v Sugandila biziernalkaria (Lacerta vivipara). Buru txikia, hanka laburra eta kolorez marroixka duena. Isatsa hormetakoak baino motzagoa eta sendoxeagoa izaten du. Europa osoan eta Asiako mendebalean bizi da.