Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Sri Lanka

(Izen ofiziala, Sri Lankako Errepublika Sozialista Demokratikoa; Sinhaleraz, Sri Lanka Prajathanthrika Samajavadi Jasnarajaya). Indiako Ozeanoko estatua eta uhartea, Palk itsasarteak Indiatik bereizia. 65,610 km2 eta 21.128.772 biztanle (2008, srilankarrak). Administrazio hiriburua: Kolonbo. Hiri nagusiak: Dehiwala-Mount Lavinia, Moratuwa, Jaffna. Hizkuntza ofiziala: sinhala eta tamilera; ingelesa gobernuan erabiltzen da. Etniak: sinhalarrak, % 74; tamilak, % 18,2; Sri Lankako mairuak, % 7,1; besteak, % 0,7. Erlijioa: budismoa, % 69,3; hinduismoa, % 15,5; islama, % 7,6; kristaua, % 7,5; besteak, % 0,1. Dirua: errupia.  v  Orografia eta hidrografia. Sri Lankako uharteak 440 km luze eta 200 zabal den arrautz baten itxura du. Lau alderdi nagusi bereiz daitezke. Erdialdeko lurralde menditsua, batez besteko 1.500 m dituena, mendi garaiez, goi-ordokiez, arroil estuez eta ibar sakonez osatua da; ia uhartearen erdi-erdian du mendirik garaiena: Pidurutalagala (2.524 m). Hego-mendebala ere menditsua da. Ekialdea laua da, baina tarteka muinoak ditu. Iparraldea lur emankorreko ordoki zabal bat da, eta iparraldenean Jaffnako penintsula dago, koralezko itsas-hautsiez osatua. Sri Lankako uharteak ibai txiki asko ditu, erdialdeko mendietatik gurpil bateko erradioen antzera sortzen direnak; guztietan luzeenak, Mahaweli Ganga ibaiak, 329 km ditu.  v  Klima eta landaredia. Sri Lankak klima ekuatoriala du, bero eta hezetasun handikoa. Urteko batez besteko beroa 27-28 °C-koa da. Euria urte sasoi bakar batera mugatzen da, hego-mendebaleko montzoiak baitakar gehiena, maiatzetik urrira: 5.000 mm hego-mendebalean, eta 1.000 mm, gehienez ere, ipar-ekialdean. Landarediari dagokionez, hego-mendebalean baso tropikal trinkoa hazten da, ipar-ekialdean hosto iraunkorreko basoak daude (ebanoa eta kaoba), zuhaixka arantzadunak ipar-mendebalean eta hego-ekialdean, eta sabanako moduko belardiak ekialdean. ■ Biztanleak. Sri Lankako biztanleen artean, sinhalarrek osatzen dute etnia nagusia, biztanleria osoaren % 70 baino gehiago hartzen baitute. Uhartean bizi diren beste etnia nagusiak tamilak eta arabiar itsasketarien ondorengo mairu edo musulmanak dira. Sri Lankako biztanleriak oso ugaltze bizkorra izan du XX. mendean zehar, eta gobernuak jaiotza kopurua murrizteko neurriak hartu zituen 1970etik aurrera. Uharteak biztanle dentsitate handia du (262 km2-ko), eta toki jendetsuena hego-mendebaldeko kostaldea da; biztanleriaren laurden bat baino gehiago hirietan bizi da. Bertan daude Sri Lankako industria eta zerbitzu nagusiak. Osasun arazo nagusiak filariasia, malaria, tuberkulosia eta elikadura urritasunetik eratorritako eritasunak dira. Biztanleen batez besteko bizi itxaropena 69 urtekoa da gizonezkoentzat eta 75 urtekoa emakumezkoentzat, inguruko herrialde askokoa baino garaiagoa. Irakaskuntza doakoa da maila guztietan, eta nahitatezkoa 5-13 urte bitartekoentzat. Sri Lankako 15 urtetik gorako biztanleen artean, gizonezkoen % 91 eta emakumezkoen % 81 alfabetatuak daude. ■ Ekonomia. Sri Lankak merkataritza libreko ekonomia du, baina estatuak esku handia du sektore askotan. Ekonomiaren jarduera sendoenak nekazaritza, zerbitzuak eta industria arina dira. Arroza da lantzen den gai nagusia, eta orobat da bertakoen oinarrizko elikagaia. Sri Lanka munduko laugarren herrialde te ekoizlea da. Baina te, koko eta kautxu sailen nazionalizazioa ez da ondo administratu, eta etekinak lehiakideenak baino askoz ere apalagoak izan dira; gai horien esportazioa % 95eko zen 1970ean eta % 31ra besterik ez zen iritsi 1991n. Industriari dagokionez, asko hazi da Sri Lankako industria, eta BPGren laurdena osatzen du. Ehungintza eta jantzigintza dira industria nagusiak. Azpiegiturak nahiko aurreratuak daude eta barne merkataritza egokia da, baina hornikuntza elektrikoei dagokionez, herrialdea nahiko atzeratuta gelditu da. Energia hidroelektrikoak, meteorologiaren mende, erabiltzen den energiaren herena hartzen du. Turismoa asko jaitsi da gorabehera politikoak direla-eta. Gerratik ihesi joan diren tamilak eta Persiako golkoko herrialdeetara joan direnek bidaltzen duten dirua garrantzizko diru iturria da Sri Lankan. Bestalde, Sri Lankak atzerriko inbertsioak erakartzen jakin izan du. Dena dela, atzerriko zorra hazi egin da; politika ahultasunak hazkunde ekonomikoa geldiarazi du, eta, oro har, munduko burtsen gorabeheren mende dago oraindik. ■ Historia. Dirudienez, uharteko lehen biztanleak Asiako hegoaldetik joandako proto-australiarrak ziren. K.a. V. mende inguruan, Indiako iparraldeko indoeuroparrak iritsi ziren uhartera, eta han bizi zirenekin batera, gaur egungo zingaldar etniaren oinarria osatu zuten. Askoz geroago, K.o. lehen mendeetatik aurrera, Indiako hegoaldeko tamilak iritsi ziren, eta gehienak iparraldean finkatu ziren. K.a. III. mendean, budismoa uhartera sartu zen ezkero, Anuradhapura hiria garrantzi handiko politika eta erlijio gune bilakatu zen, Zeilan (Sri Lanka uhartearen lehengo izena) osoa menderatu zuena X. mendea arte. Aipagarri da zingaldarrek sortu zuten ureztapen sistema, antzinateko aurreratuenetakotzat hartzen baita. 993. urtean, Indiako hegoaldeko cola herriak hartu zuen uhartea, baina, 1070. urtean, Vijayabahu printzeak zingaldarrei itzuli zien atzera. Vijayabahu-k Polonnaruva hirian ezarri zuen hiriburua (1070-1200). XIII. mendetik aurrera, tamilek gero eta esku handiagoa zuten iparraldean, eta zingaldarrak hegoaldeko eremu hezeetara joan ziren bitartean, Indiako hegoaldeko dinastia batek tamilen erreinua sortu zuen XIV. mendean. Tamil gehienak Jaffanako penintsulan elkartu ziren. Harrezkero, zingaldarrak eta tamilak bananduak daude. Bestalde, XIII, XIV, eta XV. mendeetan, indiarrak, txinatarrak eta malaysiarrak ere uhartean sartu ziren.  v  Portugaldarrak, holandarrak eta britainiarrak. 1505etik aurrera, portugaldarrak Zeilango kostaldean finkatu ziren, eta uharteko erregeen arteko liskarrez baliatuz, eta beren babespekoei erregetza lortzen lagunduz, XVII. mendearen hasierarako uharte gehiena mendean zuten. Zingaldarrek erreinu burujabe bat sortu zuten Kandy hirian. Kandyko erreinuak deituta, holandarrek uhartetik kanpora egotzi zituzten portugaldarrak; Zeilan Sortaldeko Indietako Konpainia Holandarraren mendean geratu zen 1796 arte. Izan ere, Britiania Handiak 1796an uhartea eta 1802an Kandyko erreinua hartu zituen, eta horrenbestez, 1802an, Zeilan britainiar kolonia bilakatu zen. Britainiarrek Indiako hegoaldeko tamilak ekarrarazi zituzten kafe sailetan lan egitera; eta 1830etik aurrera, uharteko ekonomia kafearen ekoizpenean oinarritu zen. Baina gaitz batek kafe-sailak galdu zituen, eta 1880an tea lantzen hasi ziren, oso emaitza onekin; handik gutxira, tea Zeilango diru-iturri nagusia zen. Bien bitartean, XX. mendearen lehen urteetan, zeilandar abertzaletasuna indarrez hazi eta hedatu zen erlijioan, gizartean eta irakaskuntzan. 1919an Zeilango Nazio Kongresua sortu zen, zingaldarrak eta tamilak batzen zituen alderdi nazionalista. Zeilanek, britainiarren mendean, gero eta autonomia handiagoa izan zuen, eta 1947an burujabetasuna lortu zuen, Commonwealth erakundearen barruan.  v  Burujabetasuna. Zeilango gobernua Alderdi Nazional Batua (ANB) kontserbadorearen mendean egon zen 1948tik 1956ra. Bien bitartean, elite anglofonoaren aurkako higikunde bat, budismoaren jarraitzaileek sustatuta, funtzionario eta salerosle tamilen aurka hedatu zen. 1956-65 bitartean, berriz, zingaldar abertzaletasunean oinarritua zegoen Sri Lankako Askatasunaren Alderdiak (SLAA) gobernatu zuen herrialdea, ezkerreko alderdi batzuen laguntzaz. Tamilen eta zingaldarren arteko istiluek (1956, 1958) Bandaranaike Lehen ministroak agindu zituen erreformak gauzatzea galarazi zuten. 1959an Bandaranaike hil zuten, eta 1960ko hauteskundeen ondoren, haren alargunak, Sirimavo Bandaranaikek, hartu zuen senarraren tokia. 1965ean, ANBko D. Senanayake-k eta, 1970an, SLAAko S. Bandaranaike-k lortu zuten ostera aginpidea. 1972an onartutako konstituzioaren bidez Zeilan Sri Lankako errepublika bilakatu zen. 1977an, ANBk eskuratu zuen berriz aginpidea; hurrengo urtean onartutako konstituzioak aginpide osoa eman zion lehendakariari, eta Sri Lanka errepublika sozialista demokratiko bihurtu zen; ezkerrarentzat eta tamilentzat, erabaki hura diktadura bideratzeko lehen urratsa baino ez zen. Jayawardene lehendakari eta R. Premadasa Lehen ministro hautatu zituzten. Harrezkero, Sri Lankako arazo nagusia herrialdearen batasuna arriskuan jartzen duen zingaldar gehiengoaren eta tamil gutxiengoaren arteko tirabirak dira, eta gobernuaren helburu nagusia uharteko iparraldeko eta ekialdeko probintzien federazioa nahi duten tamilen talde armatua menderatzea izan da. Izan ere, 1977an sortu zen Tamil tiggers talde armatuaren eta gudarostearen arteko borroketan milaka pertsona hil dira. Baina borroka armatuaren arazoari oinarrizko eskubideen murrizpenetatik eratorritakoak gehitu behar zaizkio: etxeratze deiak eta salbuespen egoerak, hedabideen zentsura, muturretako alderdien debekua, terrorismoaren aurkako legedi gogorra…). 1983. urtetik aurrera Sri Lanka sinhalarren eta tamilen arteko borroken itzalean bizi da. Liberation Tigers of Tamil Eelam (LTTE) tamil taldeak atzerriko laguntza zuen, Indiako Tamil Nadu estatukoa batez ere, eta gobernuaren gudarosteari egin behar zien aurre. Biztanle tamilak gudarostean parte hartzera behartzen zituen tamil gudarosteak, eta horren ondorioz, tamil gazte askok Mendebaldera edo India hegoaldera egin zuten ihes. Sinhalar gudarosteak ikusirik ez ziela tamilei aurre egin laguntza eskatu behar izan zion Indiari. Hala, Indiak soldaduak bidali zituen Sri Lankara. Baina hura porrot izugarria izan zen Indiarentzat eta 1990ean, azkenik, Sri Lankatik soldaduak erretiratzea erabaki zuen. Tamilen higikunde separatista, ordea, ez zen bakarra Sri Lankan: Janata Vimukhti Peramuna (JVP) ezkerraldeko taldeak atentatu gogorrak egin zituen estatuaren kontra. Gobernuaren zapalkuntza odoltsuak, ordea, higikunde horren amaiera ekarri zuen. R. Premadasa lehendakaria saiatu zen tamilen arazoari amaiera ematen, baina lortu zuen su-etena laburregia izan zen, eta borrokak areago gogortu ziren; jende askok alde egin zuen Sri Lankatik, eta milaka lagun hil ziren. 1993an R. Premadasa lehendakaria hil zuten. 1994ko hauteskundeetan Chandrika Kumaratunga irten zen garaile (Herri Aliantzako buruzagi eta Sirimavo Bandaranaikeren alaba). Lehen ministro izendatu zuten eta berehala saiatu zen LTTE taldearekin elkarrizketak egiten. Urte horretan bertan, Sri Lankako presidente hautatu zuten Kumaratunga. Presidente berriak bi bideri ekin zien: batetik operazio militar handiak antolatu zituen, eta bestetik, konstituzioa berritu zuen tamilei autonomia handiagoa emateko. Baina, tamilek turismo gune nagusietan bonbak jarriz erantzun zioten presidentearen eskakizunari. 1998an larrialdi egoera ezarri zen herrialde osoan, eta atzerritar inbertsioak koloka larrian egon ziren. Gizarte egoera larriagotu egin zen; prostituzioan aritzen zirenen herena adin txikikoek hartzen zuten, Nazio Batuen arabera. Gobernuak hainbat saio egin bazituen ere elkarrizketetan hasteko, gerra zibila gogortu egin zen bi alderdien aldetik. Estimazioen arabera, 50.000 lagun hil dira gerra hasi zenetik. 2002. urtearen hasieran, gobernuak eta gerrillak su-eten bat hitzartu zuten, norvegiar diplomatikarien bitartekaritzaz; hitzarmen horrek tirabira handiak izan zituen, hainbatetan hautsi eta berretsi zelako. 2004ko abenduan, Indiako Ozeano osoa astindu zuen tsunami izugarri batek txikizio handia egin zuen Sri Lankan eta dena berreraiki beharrak geroratu egin zituen pixka batean gobernuaren eta gerrillaren arteko tirabirak. 2005eko hauteskundeetan, Mahinda Rajapakse aukeratu zuten lehendakari. 2006an, gerrillaren atentatu mordo batek amaiera eman zion bake hitzarmenari eta milaka hildako, iheslari eta kaltedun eragin zituen. 2009. urtearen hasieran, armadak sekulako erasoa jo zuen LTTEren aurka, gerrillariak gogor zanpatu eta ia garaitua zuen gerrilla.
http://www.priu.gov.lk/