Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Soyinka, Wole

Nigeriako idazlea (Abeokuta, 1934). Yoruba etniakoa izatez, ingelesez idatzi izan du. Unibertsitate ikasketak egin zituen Nigerian eta Ingalaterran. 1975 ezkero irakasle da Ife-ko unibertsitatean. Antzerkian ari izan da: bi antzerki talderen sortzaile eta zuzendaria da, eta aktore eta batez ere antzerkigile lanak egin ditu. Bere antzerki lanetan yorubeen dantzak, mozorroak eta ohiturak eta mendebaleko antzerkiaren ekarria (Greziako antzerkia, Shakespeare, Brecht) nahasten ditu: A Dance of the Forest (1960, Oihaneko dantza), The Swamp Dwellers (1958, Zingirako biztanleak), The Road (1965, Bidea), Death and the King’s Horseman (1975, Heriotza eta erregearen zalduna). Bi urte egin zituen kartzelan Biafrako burujabetzaren alde borrokatu zelako; 1972an kartzelako egunkari bat argitaratu zuen: The Man Died (Gizona hil da). Poesia ere landu du: Poems from Prison (1969, Kartzelako poemak), Idanre and Other Poems (1967 Idanre eta beste olerkiak), Ogun Abibiman (1977). 1976an Afrikako literaturaren azterketa kritikoa egin zuen Myth, Literature and the African World liburuan (Mitoa, literatura eta Afrikako mundua). Eleberriak: The Interpreters (1965), Season of Anomy (1973). Soyinkak bere lanetan yoruba kultura eta europar kultura uztartzen ditu, idazkera zatikatu eta metaforez betetakoaren bidez. 1986an Literaturako Nobel saria irabazi zuen.