Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Souto de Moura, Eduardo Elísio Machado

Portugaldar arkitektoa (Oporto, 1952). Jaioterrian bertan egin zituen ikasketak. Ikasketak egin bitartean Álvaro Siza arkitektoaren estudioan laguntzaile izan zen, 1974-1979 bitartean. Lehenengo lanak zenbait eraikuntzaren zaharberritzeak izan ziren, eta Bragako Udal Azoka (1980) eraikitzea. Bere lehenengo obra horietan Mies van der Rohe-ren eragina nabari da, Portugalgo tradizioari buruzko errespetu bereziaz gainera. 1980an Egenheiro Antonio de Almeida Fundazioaren lehen saria irabazi zuen, eta 1981ean Kulturako Estatu Idazkaritzaren kulturgunerako arkitektura lehiaketa irabazi zuen. Proiektu horretan material eta kolore mota asko eta asko erabili zituen, elementu hausle gisa, barne espazioen autonomia gordez. Urte horretan bertan eskolak ematen hasi zen Oportoko Unibertsitateko arkitektura fakultatean, 1990. urtea arte. Bere hurrengo lanetan abstrakzioaren indarra gailenduz joan zen, Mies van der Rohe eta Aldo Rossiren eragina ahuldu ahala. Lanik aipagarrienak: Hortzetako klinika Oporton (1981); Etxebizitza 1 (1982) eta Etxebizitza 2 (1983) Nevogilden, Oporto; Etxebizitza Fozen (1983), Oporto; Etxebizitza Quinta do Lagon (1984), Algarven; Rua da Vilarinhako eranskinak (1986); Etxebizitza Foz-Velhan (1986), Oporto; Etxebizitza Alcanenan (1987), Torres Novas; Etxebizitza Miramarren (1987), Gaian.